Miren Artetxe: "Eskuekin ukitu berezia ematen diet margolanei"

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 24a, 12:09
Miren Artetxe margolaria.

Azpeitian bizi den margolari honek bere lehen erakusketa jarri du Orioko Kultur Etxean

Kolorez betetako margolanak egin ditu

Miren Artetxe (Arroa Goia, Zestoa, 1958) margolariak bere lehen erakusketa ireki du Orioko Kultur Etxeko erakusketa aretoan, eta harrera ona izan du; bertara hurbildu direnek kolorez betetako erakusketaz gozatzeko aukera izan dute. Dena dela, oraindik bertan izan ez direnek urriaren 2ra arte izango dute Artetxeren lanez gozatzeko aukera; gainera, asteburuan artista bera azalpenak ematen izango da aretoan bertan.

Erakusketa egiteko aukeratu dituzun lanak zer dira, aspaldikoak ala orain dela gutxi egindakoak?

Nik urte asko daramat margotzen, txikia nintzenetik ibili izan naiz neure kasa. Orain dela hiru urte klaseetara joaten hasi nintzen, ordea, eta erakusketan jarri ditudan lanak hiru urte hauetan egindakoak dira. Ez daude denak baina, nolabait, orain arte egindako lanaren aurkezpena da erakusketa hau.

Zer hartu duzu kontuan lanak aukeratzerakoan?

Batik bat irakasleak animatu ninduen erakusketa jartzera. Koloreekin ondo jolasten dudala esaten dit, eta kontraste horiek erakusten saiatu naiz.

Lan bildumarekin mezu jakin bat adierazi nahi izan duzu, ala hainbat gai jorratu nahi izan dituzu?

Erakusketak ez du mezu jakin bat erakutsi nahi. Kaletik noanean, argazki kamara eramaten dut gehienetan, eta zerbaitek atentzioa ematen badit argazkia ateratzen diot. Ondoren, estudiora joaten naiz eta, erretrato hori oinarri hartuta, margotzen hasten naiz; ikusi dudan horrek sentiarazi didana nire modura islatzen saiatzen naiz.

Zer material erabiltzen dituzu margotzeko?

Olio pintura eta pastela erabiltzen ditut nagusiki. Olioa margotzeko pintzela erabiltzen dut eta pastela, berriz, eskuekin margotzen da. Niri eskuekin margotzea asko gustatzen zait eta olioa erabiltzen dudanean ere, eskuekin ukitu berezia ematen diet margolanei.

Erakusketan jarri al duzu bereziki gustatzen zaizun margolanik?

Bi oso gustukoak ditut. Biek mementoan sentitzen nuena oso ongi adierazten dutela iruditzen zait. Bat oso zabala da eta bestea, berriz, txikia. Baina, azken horrek txikia izan arren erakusketa ikustera joaten diren gehienei atentzioa ematen die, eta asko gustatzen zaie. Memento gogorra pasatzen ari nintzen hori margotu nuenean eta uste dut erakusketara etortzen direnek zerbait berezia ikusten dutela margolanari begiratzen diotenean.

Asteburuan erakusketan izango zara azalpenak ematen, ezta?

Bai. Dena dela, Ez da erraza margolanak egiterakoan sentitu dudana jendeari hitzez adieraztea. Askotan margolan abstraktuen esanahiaz galdetzen didate erakusketa ikustera etortzen direnek. Nik oso gustura azaltzen diet margolanen esanahia, baina besteek ez dute beti ikusten nik adierazi nahi dudana.

Zergatik aukeratu duzu Orio erakusketa egiteko?

Hasiera batean Azpeitian egin nahi nuen erakusketa, bertan bizi bainaiz aspalditik, eta beti da atsegina ingurukoek zure lana ikusteko aukera izatea. Baina ez zegoen tokirik Azpeitian, eta ezta Azkoitian ere. Beraz, Orioko lagun batek han egitea proposatu zidan eta, egia esan, oso ongi hartu naute bertan, eta oso gustura nago.

Oriotarren artean harrera ona izan du zure lanak, beraz...

Jendea oso gustura irteten da erakusketatik, eta niretzat hori da garrantzitsuena, egin dudan lana aintzat hartzen dutela esan nahi baitu horrek. Jende asko igaro da erakusketatik, eta izan dira egun berean bi aldiz erakusketa ikusten izan direnak ere, aurrenekoan erakusketa osorik ikusteko eta bigarren aldian, berriz, margolan jakin bat ikustera joan direnak. Niri horrek poza ematen dit, margolan horrek pertsona horri atentzioa eman diola esan nahi baitu.

Aurrera begira, etorkizunerako beste proiekturik ba al duzu buruan?

Etxe azpian dudan estudioan lanean jarraitzen dut, margolan berriak egiten. Beste erakusketa bat egiteko asmoa dut, baina oraingoan gai jakin bati lotuta izatea gustatuko litzaidake. Oriokoan denetik pixka bat aurkitu daiteke; nolabait esanda, nire aurkezpen erakusketa izan da hau.

Erakusketa ikusteko...

Erakusketa ikusi nahi dutenek horretarako aukera izango dute, Orioko Kultur Etxean, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Larunbatean eta igandean goizez dago irekita.