Asteburuan egingo den Erdi Aroko Azokak eskaintza zabala ekarriko du

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 23a, 13:09
Julian Eizmendi alkatea (eskuinetik bigarrena) eta Bertan Merkatari Elkartekoak atzo (asteartea) udaletxeko areto nagusian.

Bertan Merkatari Elkarteak Stock azoka ere egingo du eta 26 dendarik hartuko dute parte

Arte eta Diseinu Ikastegiak Marrazki Lehiaketa egingo du azokan, igandean

Seigarren urtez egingo da Azpeitian Erdi Aroko Azoka. Asteburuan izango da, larunbatean eta igandean. Horrekin batera, Bertan Azpeitiko Merkatari Elkartekoek Stock azoka antolatu dute, azoka plazan. Larunbatean, 12:00etan irekiko dituzte saltokiak eta 20:00etan itxiko. Igandean ere, ordutegi berdina izango dute saltokiek. Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak atzo (asteartea) azokaren aurkezpenean azaldu zuenez, "historian zehar, azoka izan da herrien bizibidearen ardatz nagusienetakoa".

Asteburuan, herriaren alde zaharrean merkataritza eta festa giroa uztartuko direla azaldu du Eizmendik. "Azokak bi aldeak biltzen ditu: batetik, bizi beharrak eragiten dituen salerosketaren ardurak, eta bestetik, elkartzeko abagunea eta aitzakia".

Erdi Aroko Azokako postuak, aurreko urteetan bezalaxe, Done Jakue kalean edota Pilotalekuan, Albergan eta herriko plaza eta Olazko Amaren plaza bitartean jarriko dituzte. 40 postutik gora izango dira: bitxiak, otarrak, arropak, jolasak, jakiak...

. 26 dendari azoka plazan

Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteko 26 dendarik atzera gelditutako arropa eta produktuak salduko dituzte, larunbatean eta igandean, azoka plazan jarriko duten Stock azokan.

Merkatari Elkartekoek azaldu dutenez, Stock azokan denetarik egongo da: "Bai haurrentzako eta bai haurrentzako arropak, eskulanak, opariak eta bestelakoak".

Horrez gainera, bezeroentzako atera berri duten Bertan txartela egiteko aukera egongo dela ere azaldu dute merkatariek. "Txartelarekin bezeroei hainbat abantaila eman nahi dizkiegu", esan dute.

Gainera, azken urteetako ildoari jarraituz, Erdi Aroko Azokarekin batera herriko merkatariek ere euren azoka antolatu dute.

Marrazki Lehiaketa egingo du azokan Arte eta Diseinu Ikastegiak

Iaz bezalaxe, aurten ere, Erdi Aroko Azokaren baitan haurrentzako Marrazki Lehiaketa antolatu du Arte eta Diseinu Ikastegiak. Lehiaketa igandean egingo dute, 10:30ean hasita. Bertan, 6 urtetik 13 urtera bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute.

Marrazkiak egiteko materiala Arte eta Diseinu Ikastegiak jarriko d: taula, papera eta arkatza. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman dezakete udaletxeko arkupetan Arte eta Diseinu Ikastegikoen postuan, larunbatean egun osoan eta igandean lehiaketa hasi aurretik.

Lehiaketa, igandean 10:30ean hasiko da. Sariak,18:00etan banatuko dituzte udaletxeko arkupetan. Lanak, 13:30erako aurkeztu behar dira. Gaia, iaz bezalaxe, Eraikin historikoak izango da.

Sei sari banatuko dituzte

Marrazkiak bi mailatan banatuko dituzte, egileen adinaren arabera. Lehena, 6 urtetik 9 urtera bitartekoena izango da, eta bigarrena 10 urtetik 13 urte artekoena. Maila bakoitzean, hiruna sari banatuko dituzte Arte eta Diseinuko antolatzaileek.

Urriak 26, larunbata

12:00. Azoka irekiko dute.Napar bidea, animazio taldea.

12:30. Banda Gaztearen eta Azpeitiko Musika Bandaren kalejira.

14:00. Azokako postuak eta tailerrak itxi egingo dituzte.

17:00. Azokako postuak eta tailerrak irekiko dituzte. Napar bidea, animazio taldea.

18:00. Zanpantzarren kalejira.

20:00. Azokako postuak itxiko dituzte.

Urriak 27, igandea

10:30. Haurren II. Marrazki Lehiaketa hasiko da, Arte eta Diseinu Ikastegiak antolatuta. Udaletxeko arkupetan, Arte eta Diseinukoen postuan. Gaia: Eraikin historikoak.

12:00. Juan Antxieta Musika Eskola: musika taldearen kalejira eta Erdi Aroko dantzen saioa. Azokako postuak irekiko dituzte, 14:00ak arte.

13:00. Napar bidea animazio taldea.

13:30. II. Marrazki Lehiaketaren bukaera, udaletxeko arkupetan.

17:00. Azokako postuak irekiko dituzte, 20:00ak arte.

18:00. II. Marrazki Lehiaketako sariak banatuko dituzte, udaletxeko arkupetan.

18:30. Metal Boskotea.

19:30. Napar bidea animazio taldea.