Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria Gipuzkoako erabiliena da

Uztarria.eus 2009ko ira. 22a, 14:09
Lasterkalari bat Loiolan, Azpeitia alderako noranzkoan.

Batez beste 1.349 erabiltzaile izaten ditu egunero, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera

Azpeititik Lasaorako bidegorriaren lanak 2010eko udazken aldera hasteko asmoa azaldu dute Aldunditik

Gipuzkoako bidegorrien erabilera aztertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Txirrindulariek eta oinezkoek bidegorriei ematen dioten erabileraren datuak bildu dituzte eta Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria Gipuzkoako erabiliena dela ondorioztatu dute.

Lanaren arabera, batez beste 1.349 erabiltzaile izaten ditu egunero. 2009ko urtarrilaren eta ekainaren artean nahiko erabiltzaile kopuru erregularra izan zuen: batez beste 1.000 erabiltzaile baino gehiago egunero, eta batez besteko hori 1.500 erabiltzailetik gertu ibiltzen da udaberrian.

Bidegorriari ematen zaion erabilerari dagokionean, oso erabilia da paseoak egiteko, arin ibiltzeko eta errendimendu handiko kirola egiteko, baina gero eta azpiegitura garrantzitsuagoa da Azpeitia eta Azkoitia arteko eguneroko joan-etorrietarako.

2009ko lehen seihilekoan bizikletaren erabilerak gorakada handia izan zuen negua eta uda bitartean. Otsailaren eta ekainaren artean, lanegunetan, txirrindularien kopurua %200 baino gehiago hazi zen.

Datuak

Erabiltzaile kopurua

Lanegunetan. 1.380 erabiltzaile.

%90 oinezkoak.

%10 txirrindulariak

Jaiegunetan. 1.133 erabiltzaile.

%83 oinezkoak.

%17 txirrindulariak.

Azpeitia-Lasao

Bidegorri sarearen erabiltzaile kopuruekin batera, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorri zatia ere hizpide izan du gaur Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek. Honek aditzera eman duenez, 2010eko udazken aldera hasiko dituzte Azpeitia eta Lasao arteko zatiaren lanak. Anardi eta Badiolegi industriaguneak zeharkatuko ditu, Lasaoko herriguneraino iritsiz.

Ia bost kilometroko luzera eta lau metroko zabalera izango du tarte horretan bidegorriak. Oinezkoentzat eta bizikletentzat bereiztutako espazioak izango ditu eta bidea argiztatuta egongo da.

Informazio gehiago: Urola Kostako Hitza