Jesus eta Mariakoen mendea

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 19a, 15:09

Gaur beteko dira ehun urte kongregazioko mojak Azpeitira etorri zirela eta lehen elizkizuna egin zutela

Mendeurrena ospatzeko ekitaldiak egingo dituzte, gaurtik

Duela ehun urte hasi zuten Jesus eta Maria kongregazioko mojek Azpeitiko euren historia. Hain zuzen ere, gaur beteko da mende bat aurreneko elizkizuna ospatu zutenetik.

Diotenez, Jesus eta Maria kongregazioko Espainiako Probintzial burua zen Maria de San Ignaciok Donostiara eta Loiolara egindako bisita baten ondorioz sortu zen Azpeitiko komentua. “Hura Donostiara joan zen bisita egitera eta handik Loiolara etorri zen Basilika eta Etxe Santua ikustera. Orduan, Loiola inguruarekin liluratuta gelditu zen. Loiolako jesulagun bati Loiolatik gertu etxe bat izatea gustatuko litzaiokela azaldu zion bisita hartan”. Ondoren, orduko bi diputaturen eta jesulagunen laguntzari esker, Azpeitian Jesus eta Mariako mojen etxe bat jartzeko zituzten eragozpenak gainditu zituzten.

Hala, gaur egun komentua dagoen tokiko lurrak erosi eta Bilboko arkitekto bati komentua izango zenaren planoak egiteko agindu zioten. Irailaren 8an hasi nahi zuten eraikina egiten, baina Bartzelonan aste tragikoa bezala ezagutzen dena hasi zen. Aurretik zituzten asmoak aldatu, eta uste baino lehenago etorri behar izan zuten Jesus eta Maria kongregazioko mojek Azpeitira. Horretarako, herri erdian etxe bat alokatu zuten. Azpeitian lehen elizkizuna gaur ehun urte ospatu zuten Jesus eta Mariatako mojek: 1909ko irailaren 19an.

Komentua, 1913an eraikitakoa

Loiola bidean dagoen Jesus eta Mariatako mojen komentua 1913an eraiki zuten; lehen harria urte horretako ekainaren 10ean jarri zuten. Mojek diotenez, Tuset familiak emandako diru laguntzari esker egin zuten Azpeitiko komentua, “bost seme-alaba zituzten, horietatik lau Jesus eta Mariako mojak ziren, eta bosgarrena jesulaguna zen”.

Komentu berria 1915eko abuztuaren 2an inauguratu zuten. Baina, orduan, absideko margolanak oraindik egiteko zeuden. Margo horiek bi urte geroago margotu zituen Dario Vila margolari katalanak; Azpeitikoak margolari horrek Herrialde Katalanetatik kanpo egindako bakarrak dira.

Azpeitiko komentua inauguratu eta segidan, neskentzako ikastetxea jarri zuten martxan mojek. 1915eko irailean ireki zuten eskola, eta urrian bertako ikasleekin meza egin zuten. Baina, Jesus eta Mariatan ikastetxea bakarrik ez zegoen, moja izateko probako epealdia egitera ere etortzen ziren neska gazteak Azpeitira.

Mojen gordelekua

1931tik 1939ra bitartean Espainiako hainbat komentutatik mojak etorri ziren Azpeitira. “Hainbat mojarentzako gordelekua izan zen hau, garai hartan Espainian hainbat komenturi sua eman zioten eta”. 1936tik 1939ra bitartean bete-bete eginda zegoen Azpeitiko komentua. “70 moja eta beste hainbeste ikasle zegoen komentuan, baina jendea etorri eta etorri ari zen. Horregatik, Zestoan, hotel bat alokatu, eta batzuk bertan hartu behar izan zuten ostatua. Urte haietan, Azpeitiko komentua Espainiako etxe probintziala izan zen”. 



“Eliteko ikastetxea”

Baina, “behin komentuan egoera bere onera etorri zenean” Azpeitiko Jesus eta Maria komentuko jarduna irakaskuntzan oinarritu zuten. Nesken eskola zen, familia aberatseko nesken eskola, “eliteko ikastetxea” mojen esanetan. 1946an gainera, etxekoandre izateko eskola ere inauguratu zuten.

Ikastetxea 1963an itxi zuten, “ikasle gutxi zegoen orduan eta ezin zen mantendu”. Imanol Elias historialariak eta idazleak Azpeitia, gaztaroko kronikak liburuan ikastetxe hura aipatzen du artikulu batean. Hauxe dio: “Ikastetxe bezala erabiltzen zen garaian, Euskal Herriko sendi berezienetakoak ezezik, espainiar estatukoen alabak joaten ziren ikasketak egitera. Batez ere, haiek logeletara erretiratzeko unea iristen zenean ilunabarrean, tokiak bereganatzen genituen zerbait debekatua ikusi nahian (...)”.

Ikastetxea itxita, etxekoandreak prestatzeko eskolekin jarraitu zuten mojek. Baina, 1974ko ekainean jardun horri ere utzi egin zioten. Orduan bezalaxe, gaur egun ere gogo-jardunetarako etxea izaten jarraitu du komentuak. Orain 11 moja bizi dira han. Komentu horretan ere herriko beste batzuetan bezalaxe mojak gutxitzen ari dira, iazko urtarrilean hamazazpi bizi ziren Jesus eta Marian.

Hustutako lokalak alokatuta

Pixkanaka komentua husten joan den neurrian, lokal batzuk alokatu egin dituzte beste erabilera batzuetarako. Esaterako, komentuko beheko solairuan, 1975ean Uztaro Haurreskola sortu zuten. Haurreskola tokiz aldatu zutenean, haren tokia Itsasi Euskal Kultur Taldeak hartu zuen. Komentuko beste lokal batean, berriz, buruko gaixotasuna dutenentzako Osamen zentrua dago.

Iaz, komentuko teilatua berritu egin zuten mojek, “hondatuta” zegoelako. 2007ko martxoaren 21ean, goizeko 03:30ak aldera, tximista batek jo zuen komentuko dorrea eta, ondorioz, sute txiki bat sortu zen. Suteak eragindako kalteak konpontzen hasi eta teilatua “egoera kaskarrean” zegoela ohartu ziren. Teilatu beltza zena teila gorriekin ordezkatu zuten. Hori, Jesus eta Maria kongregazioko mojek Azpeitian pasatutako ehun urteko historiaren zati txiki-txiki bat besterik ez da. Mendeurreneko ospakizunetan, urte hauetako bizipenen berri emango dute urriaren 10ean antolatu duten argazki erakusketaren eta ikusentzunezkoaren bidez.

Mendeurrena ospatzeko ekitaldiak

Irailak 19, gaur

18:30. Azpeitiko Parrokian. Meza. Donostiako gotzain izandako Jose Mari Setienek zuzenduko du meza eta parrokiako abesbatzak abesteko du.

Urriak 10, larunbata

11:00. Jesus eta Mariako kaperan meza, Kepa Susperregi Azpeitiko erretoreak zuzenduta.

13:30. Mojen senide-arteko bazkaria.

17:30. Ikasle ohien bilkura.

Ondoren. Argazki eta ikus-entzunezkoaren erakusketa: Ehun urte Azpeitian.

20:30. Loiolako Basilikan, ekitaldi erlijiosoa: Bizitza, iristeen erromesaldi moduan.

Urriak 11, igandea

11:00. Jesus eta Maria komentuan. Aurora Trallero Jesus eta Mariako mojaren hitzaldia. Gaia: Claudina: gure garaiako mezua.

12:30. Jesus eta Maria komentuan, kafe-bilkura.

13:00. Burgosko Jesus eta Mariako Canticorum abesbatzaren kontzertua, Loiolan.

14:15. Kiruri jatetxean, bazkaria.

17:00. Jesus eta Mariako komentuan, Carmen Agirre mojak organu kontzertua joko du.

17:30. Eskerrak emateko meza, Loiolako Basilikan, Juan Maria Uriarte Donostiako elizbarrutiko gotzainak zuzenduta. Azkoitiko parrokiako abesbatzak abestuko du.