Iaz baino 7.184 lagun gehiago ibili dira kanpoko igerilekuan

Uztarria.eus 2009ko ira. 17a, 13:09

Guztira 41.755 bisita izan ditu ekainetik iraila bitartean

Igerilekua hilaren 13ra arte egongo da zabalik; guztira, 93 egun

Udan kanpoko igerilekuan iaz baino erabiltzaile gehiago ibili da. Ekainaren 13an ireki zuten igerilekua eta irailaren 13ra arte egon da zabalik. Denbora horretan 41.755 erabilpen izan ditu igerilekuak. 2008 urtearekin alderatuz gero, %21 gehiago.

Aurtengo udan erabiltzaile gehienak Udal Kirol Patronatoko bazkideak izan dira (36.083, %86) eta gainontzeko 5.672 (%14) bazkide ez direnak.

"Aurten eguraldiak lagundu digu eta horregatik iaz baino erabilpen gehiago izan ditugu. Kontuan hartu behar da gainera Azkoitiko estaligabeko igerilekua ireki dutela", azaldu du Ima Sagarzazu Udal Kirol Patronatoko zuzendariak.

Jarraian, aurtengo denboraldian jasotako datuak:

  • Kanpoko igerilekua 93 egunez egon da zabalik.
  • Guztira 41.755 bisita izan ditu. Batez beste, eguneko 449 lagun.
  • Ekainetik irailera bitartean, uztaila izan da jende gehien bildu duena: 15.842 lagun. Ondoren, abuztua (11.580), gero ekaina (10.469) eta azkenik, iraila (3.864).
  • Jende gehien izan den eguna, uztailak 16a izan da: 1.272 lagun.
  • Zabaldutako 93 egunetik, 43 izan dira eguzkitsuak.