Urrea eta zilarra Azpeitira

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 16a, 11:09
Ainitze Odriozola eta Pablo Etxeberria lortutako dominekin.

Gipuzkoako Distantzia Luzeko Igeri Txapelketan bi domina lortu dituzte Ainintze Odriozolak eta Pablo Etxeberriak

Izarraitz Igeri Elkarteko beste igerilariek ere "lan txukuna" egin dute proban

Uda osoan zehar Gipuzkoako Distantzia Luzeko IX. Igeri Txapelketako probak jokatu dituzte, eta Izarraitz Igeri Elkarteko igerilariek ez dute nolanahiko lana egin. Infantil mailako urrezko eta zilarrezko dominak Azpeitira ekarri dituzte: Pablo Etxeberriak lortu du urrezkoa eta Ainitze Odriozolak zilarrezkoa.

Distantzia Luzeko txapelketako igeriketako probak joan den uztailaren 31tik pasa den larunbatera bitartean izan dira; tartean, uztailaren amaieran egin ohi den Getaria-Zarautz proban jokatu zuten.

Izarraitz Igeri Elkarteko igerilariak iaz ere ez ziren esku hutsik itzuli txapelketatik. Iaz brontzezko bi domina eskuratu zituzten: Pablo Etxeberriak bat eta bestea Ana Alberdik. Aurten, Etxeberriak bi postu aurrera egin eta urrezkoa lortu du. Zilarrezkoa, berriz, Ainitze Odriozolak eskuratu du.

Izarraitz Igeri Elkarteko Jon Odriozola, Jon Irigoien, Naiara Perez, Maider Etxezabal, Maite Agirre eta Anne Berasategi igerilariak ere proba batzutan hartu dute parte , "lan txukuna eginaz".