Azpeitiko AAM: "20 urte bete ditu Arrutik espetxean"

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 16a, 11:09

Arrutik zigorraren hiru laurdenak beteta izan arren, "espetxean bahituta" dagoela salatu dute

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak manifestazioa deitu du larunbaterako; Azpeititik autobusa jarriko dute bertara joateko

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoak "hogei urte bete ditu espetxean. Hogei urte Espainiako espetxe politika hiltzailearen jo puntuan bizi izan ditu". Urte horietan guztietan "presoak mota guztietako erasoak jasan behar izan ditu", AAMk salatu duenez. "Hogei urte gogor pasatu ditu, baina hala ere euskal presoen duintasunari eutsi eta hainbat borrokatan hartu du parte Paterra-k".

Juan Carlos Arruti Paterra Guardia Zibilak Irunen atxilotu zuen 1989ko irailaren 16an, eta epaileek ETAko kide izatea leporatu zioten. Ordutik, Espainiako hamar kartzelatan baino gehiagotan egon da. Gaur egun , Cordobako (Andaluzia, Espainia) kartzelan dago; joan den ekainaren 16an aldatu zuten espetxe horretara.

Arrutik dagoeneko hari jarritako zigorraren hiru laurdenak beteta dituela gogorarazi du AAMk, "hala ere, espetxean bahituta mantentzen dute". Diotenez, "gaur egun gero eta gogorragoa da euskal preso politikoen kontrako espetxe politika Espainian". AAMren arabera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa "suntsitu nahi dute". "Baina, herritar guztiontzat Paterra bezala beste euskal preso politikoen borroka grina eredugarria da", esan du AAMk.

Manifestaziorako deia

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak datorren larunbatean Donibane Lohitzunen deitutako manifestaziora deitu du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Herritik manifestaziora joateko autobusa jarriko dutela esan dute. "Jon Anza euskal preso ohi eta iheslari politikoa desagertzeak erantzule politiko zuzenak ditu, UMP eta PSOE, hain zuzen ere. Ez dugu etsiko Jonen berri izan arte", esan du Azpeitiko AAMk.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org