Bertan Merkatari Elkarteak bezeroentzako txartel berezia atera du

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 16a, 11:09
Bertan erosketan txartela eskuratzeko kanpaina. (Nerea Uranga)

Herriko erosketa txartela euren bezeroei hainbat abantaila eman nahian sortu dute merkatariek

Urriaren 26n eta 27an Outlet azoka egingo dute eta urriaren erdialdiean Garagardo Azoka antolatzeko asmoa dute merkatariek

Bertan Merkatari Elkarteak bezeroentzako Bertan erosketa txartela sortu du, Nafarroako Rural Kutxarekin elkarlanean. Orain, Bertan txartelaren eskaera egiteko kanpaina abiatu du. Behin, eskaera kopuru bat jasotzen dutenean, txartela martxan jarriko dute elkarteko 70 dendatan. Bertanen helburu nagusia herriko merkataritza indartzea da. Txartelarekin, berriz, euren bezero direnei abantailak eman nahi dizkiete.

Erosketa txartela doan eskuratu daiteke. Txartela eskatzeko tokiak, berriz, hauek dira: Bertan elkartearen bulegoa (Erdikalea 18an, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara); Bertan merkatari elkarteko edozein saltoki; eta, Nafarroako Rural Kutxaren Azpeitiko bulegoa. Txartela eskatzeko orduan, eskatzailearen datuak eman behar dira, eta baita bankuko kontu korrontearen zenbakia ere. "Baina, ez da derrigor Nafarroako Rural Kutxako bezeroa izan behar, beste edozein bankutako kontu zenbakia eman daiteke", azaldu dute Bertanetik.

Erabiltzaileentzat abantailak

Bertan txartelaren erabiltzaileak hainbat abantaila izango du herriko dendetan erosterakoan: deskontuak, zozketetan parte hartzeko aukera, erosketak hiru hileko epean ordaintzeko modua, opariak lortzeko puntuak... Esaterako, Bertan txartela eskatzen duten lehen mila bezeroek aterki bat jasoko dute opari. Horrez gainera, merkatariek lehenengo kanpaina ere prestatu dute, hau da: Bertaneko txartela pasatzen duten bezeroek %5eko deskontua izango dute Bertaneko saltokietan.

Outlet azoka Erosketa txartelaz gain, hainbat ekimen prestatzen hasita dago Bertan merkatari elkartea. Hil honen bukaerarako Outlet azoka antolatzen ari da. Hilaren 26an eta 27an egingo dute Outlet azoka, merkatu plazan. Merkatarien azoka hori urtetik urtera hazten ari da, saltoki gehiago jarriz azoka plazan. Aurten 27 merkatarik eman dute izena Outlet azokarako; iaz baino bi gehiagok. Asteburu horretan bertan Erdi Aroko azoka ere egingo da Azpeitian.

Urriaren erdialdean, asteburu batez, Azpeitian Garagardo Azoka antolatzeko asmoa dute merkatariek, Iraurgi Saskibaloi Elkartearekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean.

DATUA

123 bazkide. Azpeitiko Bertan Merkatari Elkartean herriko 123 merkatari biltzen dira. Iaz sortu zuten Azpeitiko merkatari elkartea, Bertan bizi, bertan erosi lelo hartuta. Elkartetik 70 merkatari inguruk jarriko dute martxan Bertan erosketa txartela.