Loiolaren itzala murriztu nahian

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 15a, 12:09

EHGAMen ustez, elizak "jarrera homofoboa" erakusten du, eta homofobia delitua denez, "erakunde publikoek ez liokete diru laguntzarik eman behar"

Eskaera horiekin elkarretaratzea egin zuten Loiolan igandean

Behin batian Loiolan erromeria zan, hantxen ikusi nuen, morrosko bat dantzan..." Halaxe abestu zuen herenegu mutil koadrila batek Loiolako basilikaren aurrean. Tradizioa irauli nahian, eta umorea tresnatzat hartuta, elizari kritika zorrotza egin zioten. Izan ere, Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) deitutako elkarretaratzea egin zuten igande eguerdian Loiolako basilikaren aurrean. Stop elizaren homo-lesbo-transfobiari! lelopean batuta, 80 lagun inguru bildu ziren.

Mami askoko elkarretaratzea

Itxura batean oso elkarretaratze umoretsua izan arren, mamiari begiratuz gero, gai serioak jarri zituzten mahai gainean. Elizak gay, lesbiana eta transexualekiko duen jarrera zorrotz kritikatu zuten: "Joan den urteko abenduan Nazio Batuen Erakundeak mundu guztian homosexualitatea despenalizatzea proposatu zuen. Herrialde batzuk mozio honen aurka eman zuten botoa. Eta horietako bat nor izan zen? Vaticanoa, noski. Hain erakunde kontserbadorea izanik, proposamenaren aurka agertu zen". Batetik, elizak homosexualitatea ez onartzea, eta bestetik, herritarren artean homosexualitatearen aurkako diskursoa zabaltzea kritikatu zuen EHGAMek.

"Espainiako Gotzainen Elkartea erreko dugu, sexista eta patriarkala delako", zioten batzuk abesten eta txaloka; "kontuz ibiltzeko ordua duzue, hasieran baino askoz gehiago baikara", oihukatu zuten beste batzuk askatasun sexualaren aldeko mugimenduak hartu duen indarra nabarmenduz.

Erakunde publikoei ere kritika

Elizak duen jarrera hori zuzenean lotu zuen EHGAMek erakunde publikoekin: "Homofobiazko jarrerak delitua direla jakinda, administrazio publikoak zergatik laguntzen du diruz eliza?" Kontraesan hori agerian utzi nahi izan zuten igandean, eta horregatik egin zituzten bi eskaera, bat elizarentzat eta bestea erakunde publikoentzat.

Elizari jarrera aldatzeko eskatu zioten argi eta garbi: "Bazter dezala elizak edozein jazarpen sexista eta has dadila, behingoz, homosexualak eta transexualak errespetatzen. Gure eskubideak ez dira elizaren konpetentzia, utz gaitzala bakean!".

Erakunde publikoei neurriak hartzeko eskatu zieten: "Administrazioak har ditzala beharrezko neurriak aipatutako jazarpen homofoboak ez daitezen berriz gertatu. Estatuko fiskalak epaitu ditzala jarrera horiek eta zigortu ditzala behar den moduan, diru laguntzarik eman gabe".

EHGAMek argi du legediak homosexualen eskubideak babesteko eman dituen aurrerapausoak gay, lesbiana eta transexualek "urteetan egindako borroka latzaren emaitza" direla. Bide horretan jarraitzeko asmo sendoa erakutsi zuten, borroka eta umorea bateragarriak direla erakutsiz. Horren erakusgarri izan daitezke larunbat gaueko parranda luzea edo emakume batzuk Loiolan bertan oihukatu zutena: "Aita Santuak ez digu uzten, elkarri txirlak puzten!". Esaerak dioen bezala, "umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza".