Gorka Karapeto: "Araotzen inork igo gabeko bide bat igotzea lortu dut, eta motibatu egin nau"

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 15a, 11:09
Lehen argazkian, Gorka Karapeto, igandean, Durangon Euskadiko Txapelketan. Bigarren argazkian, azpeitiarra Eigerreko 'Deep Blue sea (7B+) bidean.

Lehenbizikoa izan da Koldoren mundua bidea saio bakarrean igotzen, eta laugarren urtez Euskal Herriko Kirol Eskaladako Txapelketa irabazi du

Hiru aste barru Espainiako Txapelketa jokatuko du Sevillan (Andaluzia, Espainia)

Azken astean emaitza onak lortu ditu Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981) eskalatzaileak kirol eskaladan eta haitzean. Gustura eta sasoiko dago, "gehiago egiteko gogoarekin". Hiru aste barru Espainiako Txapelketa du Sevillan (Andaluzia, Espainia), eta ordurako prestatu behar duela dio, "podiumera igotzeko helburuarekin".

Herenegun Euskal Herriko Kirol Eskaladako txapelketa irabazi zenuen Durangon. Laugarren urtez irabazi duzu; gustura al zaude?

Bai, ondo joan da, eta gustura nago. Baina ez da txapelketa bakarrik izan, asteburu osoko jardunaldia izan da niretzako. Aurten, desberdina izan da. Ostiralean eta larunbatean nazioarte mailako eskalatzaile batzuekin jarduteko aukera izan nuen. Tartean, Munduko Kopan dabiltzanak ziren, Patxi Usobiaga horietako bat. Ostiralean, bi bidetan abiadurako dueloak egin genituen. Ikuskizun ona eta giro ederra izan zen han. Duelo horietan eskalatzaile batzuk finalerako sailkatu ginen. Final hori larunbatean izan zen; maila onean aritu nintzen, baina jauzi batean akatsa egin, irristatu eta erori egin nintzen. Gehiago eman nezakeen eta gogoz gelditu behar izan nuen. Igandean jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa. Aukerak banituela uste nuen eta bezperako arantza hori kentzera joan nintzen. Oso gustura eskalatu nuen, eta behintzat, txapelarekin itzuli nintzen etxera.

Asteburu gogorra orduan?

Bai, hala da. Besoak-eta nekatu egiten dira; egunero eskalatzen da, baina ez egun osoan. Fisikoki hori dena egiteko prest zaude, baina batik bat buruko lana da egiten dena, une oro eta egun guztian adi zaudelako. Gauean ohera joan eta ezin lo hartuta egoten ginen. Igandean dena bukatutakoan lasaitu, eta orduan antzeman nuen neke guztia. Asteburu intentsoa izan da, baina ona izan da.

Eta, orain zer duzu buruan?

Hiru aste barru Espainiako Txapelketa jokatuko dut Sevillan. Egia esanda, gogotsu nago. Aurten, Espainiako probako bi probatan izan naiz, baina ez naiz gogo askorekin joan. Gehiegi prestatu gabe joan nintzen eta motibazio faltarekin ibili nintzen. Orduan, txapelketan baino burua gehiago neukan mendian. Orain, Alpeetatik itzuli eta gogoz heldu diot kirol eskaladari. Motibatuta nago, sasoi onean ikusten dut neure burua, eta ea podiumera igotzea lortzen dudan.

Espainiako Txapelketan zein izango dira aurkari gogorrenak?

Ramon Julian katalana, Munduko Txapelduna izandakoa da eta aurten Munduko Kopan podiumak egiten dabil; bera da aurkari gogorrenetako bat. Bestetik, Patxi Usobiaga ez dakit joango den, bestela aurkari gogorra izango litzateke hura ere. Hirugarren aurkari zail bat, Edu Marin da, hori ere oso-oso sasoiko dago. Jende on asko dago, baina akatsen bat edonork beti egin dezake. Hala ere, nik horiek baino lan gogorragoa egin beharko dut aurrean egon nahi badut. Hori seguru. Gainontzean, haitzean oinarrituko naiz, sasoiko nagoen bitartean bide zailak egiten saiatuko naiz. Hain zuzen ere, joan den astean inork igo gabeko bide bat igotzea lortu nuen Araotzen.

Zer izan da Araotzen egitea lortu duzuna?

Koldoren mundua izena duen bidea igotzea lortu nuen joan den asteazkenean, saio bakarrean eta erori gabe. Aurretik beste inork ez zuen egin bide hori. Bidea egiten duen lehenengo eskalatzaileak bidearen zailtasuna proposatzen du, eta nik 8C+ zailtasuna proposatu dut bide horrentzako. Lagun batzuk proposatu zidaten bide hori egitea; probatzen ibili naiz eta lortu egin dut. Ekipatu zuenak jarri zion bideari izena. Bidea ekipatu zuen, baina ez zuen lortu bidea saio bakarrean eta erori gabe eskalatzea. Durangoko txapelketa baino bi egun lehenago egin nuen Araotzekoa, eta asko motibatu ninduen txapelketarako, ziurtasuna eman zidan eta sasoiko nagoela ikusi nuen.

Saio asko egin behar izan al dituzu bide hori saio bakarrean eta erori gabe igotzeko?

Ez nago ziur zenbat saio izan diren; guztira hamar bat izango ziren, lau egunetan banatuta. Hirugarren egunean behin erorita lortu nuen igotzea, eta laugarrengoan erori gabe igotzea lortu nuen.

Araotz zuentzako bigarren etxea bezalakoa da, ezta?

Bai, beno, etxetik gertu daukagun eskaladarako toki ederra da. Arratsaldepasa joateko modukoa eta eskalatzeko leku oso ona da. Gainera, eroso sentitzen gara han. Beti lagunartean egoten gara eta familia handi bat osatzen dugu han ibiltzen garenok. Azpeititik jende asko joaten gara hara eskalatzera.

Eigerren beste bide bat egin arren, gustura dago

Abuztuan Suitzan ibili da Gorka Karapeto. Ekaitz Maiz eskalatzaile nafarrarekin joan da, eskaladako sokekin batera helburu bat motxilan hartuta. Joxe Takolo Bekako diruaren zati bat jaso zuten Eigernorthwand aske! egitasmoari esker. Abuztuaren 3an horixe egiteko asmoz joan ziren Alpetara: Eigerreko iparraldeko La vida es silbar (7C) bidea egitekotan. Beste bide bat eginda itzuli arren, "gustura eta damurik gabe" daude.

Eiger iparraldetik igo beharrean ipar-mendebaldetik igo dute, eta bi aldiz gainera. "Iritsi eta aurrenengo egunean Eigerrera igo ginen mendebaldetik, oinez eta eskalatzen. Elurra, izotza, haitza... era askotako zatiak pasatu genituen. Eigerrera gerturatzeko egin genuen hori. Gauez igo ginen. Igo eta jaitsi hamazortzi ordutan egin genuen gelditu gabe. Uste baino egur handiagoa hartu genuen, baina gustura itzuli ginen".

Gero atseden hartu, eta helburutzat jarrita zuten horma hasten den lekura joan ziren. "Oso eguraldi txarra egin zigun eta horma bustita zegoen, ura erortzen zen horman behera". Egoera horren aurrean erabaki bat hartu behar zuten eta egoera horretan horman ez sartzea erabaki zuten. "Erabakia hartzea pixka bat kostatu egin zitzaigun bioi, baina eguraldi iragarpenak txarrak ziren eta bideari zalantzaz ekitea ez zen ona".

Hala, Deep blue sea bidea egitea erabaki zuten; 7B+ zailtasuna duen 900 metroko horma da, eta 350 metro eskalatu behar dira. "3-4 ordutan zati bat egin genuen. Horma azpian lo egin, eta hurrengo egunean horma eskalatu genuen, 12 ordutan. Interesgarria izan da. Helburua beste bide bat egitea genuen, baina egindakoarekin oso gustura gelditu ginen".