Jesusen Alabek herria utziko dute aste gutxi barru

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 14a, 11:09
Gaur egungo Jesusen Alaben etxea, Azpeitian. Bertan, Iraurgi ikastetxea ere badago. (Nerea Uranga)

Mojak 1922 urtean etorri ziren Azpeitira, eta 87 urte hauetan irakaskuntzan lanean jardun dute

Etxe Alaiko Jesusen Alaben etxean hiru moja gelditzen dira

Aurrena Esklabak, gero Karitateko Alabak eta orain Jesusen Alabak izango dira Azpeitia utziko dutenak. 87 urte egin dituzte Jesusen Alabek herrian, eta urte horietan guztietan irakaskuntzan jardun dute lanean. "Orain bederatzi urte inguru Esklabak joan ziren, iaz Karitateko Alabak, eta gure txanda laster iritsiko zela ikusten genuen. Karitateko Alabak bazihoazela jakin genuenean, ezustekoa hartu genuen. Nik nire buruari esan nion, 'laster gara gu ere'", dio Jesusen Alabak kongregazioko Mari Carmen Altuna azpeitiarrak .

Jesusen Alabak 1922 urtean etorri ziren Azpeitira, ordutik beti irakaskuntzan egin dute lan. "Lehenengo neskentzako ikastetxea izan genuen, eta gero mutilak ere sartzen hasi ziren. Ni Azpeitira etorri nintzenean, ia 40 urte dira, 21 moja zeuden hemen. Denentzako zegoen lana eta denak lanean ari ziren. Zer egina bazegoen hemen".

Jesusen Alabak aurren-aurrena Pilotalekuan, Done Jakue kalean, egon ziren, Frontoi Txikiaren ezkerretara zegoen etxean. Etxe hark etxaurrea Iturritxiki aldera zuen. "Doña Gertrudisek utzi zien etxea, eta lehenengo ikastetxea han sortu zuten".

Gero, Enparan kalera pasatu ziren, baina Altunak dioenez, "esaten dute Enparan kalera pasatu aurretik, denbora gutxian, baina Jesusen Alabak, Erdikalean ere egon zirela". Esklabak Loiolabidean komentua egin zutenean, Jesusen Alabak haien Enparan kaleko eraikinera pasatu ziren. "Iberotarren etxea zen Enparan kalekoa".

Gero, ordea, gaur egungo tokira aldatu ziren, Etxe Alai auzoko ikastetxera. Imanol Eliasek idatzitako Azpeitia, historian zehar liburuan esaten denez, 1967an aldatu ziren gaur egungo etxera. Urteetan, Etxe Alain ikastetxea izan zuten Jesusen Alabek. Baina, herriko hiru ikastetxe erlijiosok (Betharramek, Milagrosak eta Jesuitinak) bat egin zuten eta gaur egun Iraurgi Ikastetxea dena sortu zuten.

Mota askotako eskolak

Azpeitian, Jesusen Alabek haurrentzako irakaskuntza emateaz gainera, lanbide heziketako eskolak, gaueskolak eta emakumeentzako igandetako eskolak ere eman dituzte. Ikasleak herrikoak eta inguruko herrietakoak izan dituzte, "Azkoititik eta Zestoatik ere etortzen ziren ikasleak". Imanol Eliasek bere liburuan aipatzen duenez, Jesusen Alabak 1924ko neguan gaueskola bat zabaldu zuten Azpeitian, "hari buruz aurkitu ditugun lehen datuak 1935ekoak dira, urriaren 7an Udalari jakinarazi zioten 50 ikasle izan zituztela aurreko abenduan beraiek sortutako gaueskolan".

Urteak aurrera, gauzak aldatzen joan dira eta baita beharrak ere. Gainera, gero eta moja gazte gutxiago dago. "Garai hartan herriko ikastetxea bakarrik zegoen, eta gero mojena. Baina, gauzak aldatzen joan dira. Mojak ere zahartu egin gara, eta ondorengorik ez dator. Gure kongregazioa konturatu da behar handiagoak dituzten beste leku asko dagoela. Kongregazioak gauza horiek guztiak aztertu ditu eta Afrika aldera-eta zabaldu da, Mozan biken bi edo hiru etxe ireki ditu; Blangladesh-en ere bai. Garai batean irakaskuntza batik bat moja etxeetan zegoen; hemen gutxitzen joan dira etxeak, eta beste lekuetan eskolak ugaritu egin dira. Jende gaztea hona ekarri beharrean, beste leku batzuetan ireki dira egoitzak".

Toki berrirako prest

Gaur egun, Etxe Alaiko Jesusen Alaben etxea ixtear daude. Hiru moja besterik ez dira gelditzen han. Baina, hauek ere , laster joango dira toki berrietara; kokalekuak prestatzen dituztenean. Dagoeneko badaki bakoitzak nora joan behar duen. Rosa Espinosa, Pakita Lizaso eta Mari Carmen Altuna mojak dira Azpeititik joateko daudenak. Hala ere, Espinosak gaur egun bezalaxe Iraurgi ikastetxean segituko du lanean. "Gainontzekoak joan dira egoitza berrietara. Orain, Jesusen Alabek Espainiako Estatuan osoan probintzia edo talde bat egiten dugu; lehen hiru ginen eta orain guztiok batu egin gaituzte. Horrek era guztietako aldaketak ekarri ditu, toki batzuk indartu egin dira eta beste batzuk , berriz, itxi. Andaluzian eta Madril aldean etorkinekin ari dira lanean orain", dio Altunak.

Jesusen Alabak kongregazioak Azpeitia utziko duelako, pena du Altunak. Dena den, berak badu gogoan Andoainera joateko. "Urte asko egin ditut hemen, eta han ere zer eginik ez da faltako. Ez dago urruti, baina horrek ez du esan nahi Azpeitia gehiago sentituko dudala; han ere zer egina egongo da. Baina Jesuitinak Azpeititik irteteak ematen du halako zerbait". Ikasle ohi asko joan zaizkie galdezka egunotan.

Andoainera joango da Altuna, Berrospe dorretxera; orain barrutik eraberritzen ari dira. Jesusen Alabak kongregazioa sortu zuenaren jaiotetxera, hain zuzen ere. Ama Candidak sortu zuen Jesusen Alabak, Juana Josepa Zipitria Ibarrola". Andoainen La Salle-Berrospe ikastetxea dute.

Jesus eta Mariatako mojek mendeurrena ospatuko dute

Jesus eta Maria komentuko mojak Azpeitira etorri zirela ehun urte bete dira aurten; 1909an etorri ziren. Mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dute.

Mendeurreneko ospakizunei hasiera hil honen 19an emango diote, Azpeitiko Parrokian egingo duten mezarekin. Meza, 18:30ean hasiko da, Jose Maria Setien Donostiako gotzaina izandakoak zuzenduko eta Parrokiako Abesbatzak abestuko du. Azken ekitaldia, berriz, urriaren 11n izango da. Egun horretan, 17:30ean, meza izango da Loiolako basilikan. Meza hori, gaur egun Donostiako gotzaina den Juan Maria Uriartek zuzenduko du.