30 ikastarotik gora eskainiko ditu Udal Euskaltegiak bere 25. urteurrenean

Uztarria.eus 2009ko ira. 10a, 17:09

Elkar ulertzeko, euskaraz izango da aurtengo ikasturteko leloa

Ikasturtean zehar hainbat ekintza berezi egongo dira urteurrena ospatzeko

Elkar ulertzeko, euskaraz. Hori da Azpeitiko Udal Euskaltegiak 2009-2010 ikasturterako jendea euskara ikastera animatzeko aukeratu duen leloa. Ikasturte berezia izango da aurtengoa, sortu zeneko 25.urteurrena ospatuko baitu euskaltegiak. Ikasturtean zehar hainbat ekintza berezi egongo direla aurreikusten dute euskaltegitik, baina oraindik zehaztu gabe dute egitaraua.

Guztira 30 ikastarotik gora jarriko ditu aukeran Azpeitiko Udal Euskaltegiak ikasturte berrirako: euskaldunentzat, erdaldunentzat, etorkinentzat, gurasoentzat, administrazioko langileentzat, irakasleentzat, osasun arloan ari direnentzat, ostalaritzako langileentzat.. Ikastaro eskaintzaren barruan, HABEren 4.maila eskuratzeko ikastaroa egongo da aurten ere. "4. mailakoa ez da euskaltegi askotan eskaintzen oraindik eta, horrenbestez, Azpeitian aukera hori izateak badu bere garrantzia", azaldu dute euskaltegitik. Ikastaro honekin euskarazko oinarrizko maila hobetu nahi duen edonori aukera eman nahi diotela azaldu dute arduradunek.

Euskara ikasi nahi duenak, matrikula egiteko aukera izango du hil honen 25era arte. Euskaltegira bertara joan eta izena eman daiteke (Perdillegi 1 behea), 943 81 19 47 telefono zenbakira deituta ere bai eta, Internet bidez, bi aukera daude: euskaltegia@erabili.com helbidera idatzita edo www.erabili.com/eskatu/euskara_ikastaroak webgunean.