Ipuin kontaketen denboraldia astelehenean hasiko da Udal Liburutegian

Uztarria.eus 2009ko ira. 9a, 20:09

Irailean, urrian eta azaroan hainbat astelehenetan izango dira kontaketa saioak

Ekitaldiak lau eta bederatzi urte tarteko haurrentzat prestatutakoak izango dira

Datorren astelehenean, irailak 14, ipuin kontaketa saioen denboraldi berriari ekingo diote Azpeitiko Udal Liburutegian. Haur eta gaztetxoen artean liburu zaletasuna suspertzeko ekitaldi hauek iraileko, urriko eta azaroko hainbat astelehenetan egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin garatzen den programazioak hogeigarren denboraldia beteko du, aurtengoarekin, Azpeitian.

Lau eta bederatzi urte bitarteko haurrei zuzendutako eskaintza da ipuin kontaketa saioena. Adin tarte horren barruan, saio bakoitza adin jakineko umeei zuzentzen zaie. Horrela, aurtengo denboraldiari hasiera emateko egingo den ipuin kontaketa saioa, irailaren 14koa, Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoei eskainiko zaie; 4-5 urte dituzten umeei, alegia. Saioa 18:00etan hasiko da, aurrerantzean egingo diren guztiak bezalaxe.

Maite Franko izango da datorren astelehenean Azpeitian saioa egingo duen ipuin kontalaria. Azaroa bitartean, Pello AƱorga, Lupe Lekuona, Mirian Mendoza eta Amaia Zinkunegi ere arituko dira ipuin kontatzen Udal Liburutegian.