Txetxu Iriarte: "Erremontea uzteko erabakia hartzea ez da erraza izan niretzat"

Urola Kosko Hitza 2009ko ira. 9a, 11:09
Txetxu Iriarte abuztuaren 22an profesional bezala Galarretan jokatu zuen azkenengo partida.

Hogei urtean erremontean profesional moduan jokatu ondoren, erremontea utzi du

Abuztuaren 22an jokatu zuen agurreko partida, Galarretan

Abuztuaren 22an eskegi zuen zestoa, erremontea, Txetxu Iriartek (Azpeitia, 1970). Galarretan jokatu zuen azkenengo partida Iñigorekin bikotea osatuz Juaristi eta Badiolaren kontra. 28-40 galduz esan dio adio erremonteari. Ez du damurik, erabakirik onena hartu duelakoan dago. Orain, bere negozioan, Iriber bitxi-dendan ariko dalanean. Eta "mantentzeko", erremontean entrenatzen jarraituko du; bizikletan ibiltzeko asmoa ere badu. Bitxi artean jardun du Urola Kostako Hitza-rekin erremonteaz.

Hogei urtez jokatu du erremontean profesional bezala; beti atzelari. 18 urte zituela, San Fermin bezperan jokatu zuen profesional bezala debuteko partida. Ez du orduko oroitzapen onik Iriartek.

Noiz hasi zinen erremontean?

Azkaraterekin hasi nintzen erremontean Azpeitian, 16 urte inguru nituela. Ondoren Galarretan hasi nahi nuen, baina han jende asko zebilen eta ezin izan nuen. Baina, Imanol Mujikak eskola bat sortu zuen Baldan eta hantxe hasi ginen. Orduan, gurekin batera Ezkurra bere aitarekin hasi zen erremontean ikasten. Gero, uda horretan, Galarretara pasatu ginen denok.

Eta nolatan aukeratu zenuen erremontea?

Lagun Onan hasi nintzen futbolean, eta entrenamendu batean izugarrizko egurra eman ziguten, Sistiaga errekan gora eta behera lasterka. Neure buruari esan nion "gogorregia duk hau", eta futbola utzi egin nuen. Gero, pilotan hasi nintzen, palaz. Orduan, Betharrametan ibiltzen ginen, taldeka. Baina oso zaila izaten zen taldeetan sartzea, taldeak itxita egoten ziren. Erremontean hastera animatu ninduten orduan eta horrela hasi nintzen. Ondo hasi nintzen, eta jarraitu egin nuen. Garai hartan, Azpeitian Matxin, Aizpuru eta beste batzuk ere bazebiltzan erremontean, eta orduan ere erremontea ezaguna zen herrian. Niretzat. kirolean jarduteko aukera bat izan zen erremontea. Hala ere, orain bezalako aukerarik ez zegoen orduan: ordutegia Azkaratek nahi zuenean izaten zen eta argirik ere ez ziguten pizten pilotalekuan. Orain gazteei erraztasun gehiago jartzen zaizkie erremontean hasteko. Gure garaian zailagoa zen. Baina gustatu egiten zitzaigun, eta behin hasita, erremonteak harrapatu eta buru-belarri sartu nintzen.

Profesionaletako debut eguna gogoan al duzu?

Bai, ondo gogoan dut egun hura. Ama, izeba eta osaba joan ziren Iruñera, eta neu lagunekin joan nintzen. Uztailaren 6a zen, Iruñean sanferminak. Partida ondoren lagunekin parranda egiteko asmoarekin joan nintzen. Baina, 35-16 galdu nuen partida eta etxera etorri nintzen zuzenean eta negarrez. Hurrengo egunean egunkari batean zera jartzen zuen: Perdido y sin recursos. Negarrez etorri nintzen etxera, ez San Ferminik eta ez ezer... Ondo gogoan dut bai, Urrutia eta ni, Vitoria eta Sotoren aurka.

Erremontean bikote-lagun kuttunik izan al duzu?

Ez, denekin konpondu izan naiz oso ondo. Bat edo beste gogoan dut, gazte nintzenean pilotaren bat edo beste galdu eta errieta egiten zidatenak. Oroitzapen horiek baditut, eta bi edo hirurekin hain gustura ez nuen jokatzen. Baina beste lagun guztiekin ikaragarri gustura jokatu dut, bai gazteekin eta bai helduagoekin.

Eta gustuko aurkariren bat?

Pello Aizpuru. Lagunak gara eta oso ondo konpontzen gara, baina kirol aldetik norgehiagoka hori beti mantendu izan dugu.

Erremonteko zenbat partida jokatu dituzu?

Ez daukat ideiarik ere, kobratzera joaten ginenean ere ez nuen gogoan zenbat partida jokatuta nituen. Bolada batean hasi nintzen apuntatzen zenbat partida jokatzen ari nintzen, baina orduan irabazi baino gehiago galtzen nituen eta desmoralizatu egin nintzen. Horregatik kontuak ateratzeari utzi nion.

Erremonteko jokalari baten bizitza gogorra al da?

Erremonteko jokalariaren bizimodua mundiala da, oso ona. Gaur egungo erremontistaren bizitza oso ona da, astean bi partida bakarrik jokatzen dituelako. Gu hasi ginen garai hartan ia egunero jokatzen genuen: hamasei-hamazortzi partida jokatzen genituen. Orduan, ez zegoen atseden hartzeko astirik, ez asteburu librerik, ezin zen ezertarako baimenik eskatu... Garai hartan desberdina zen, orain, asteartean edo ostegunean jokatzen da, eta gero larunbatean igoal beste partida bat. Oraingo bizimodua oso ona da, desberdina. Gauza onak gehiago ditu erremonteak txarrak baino. Berriro jaioz gero, pilotari helduko nioke berriz, zalantzarik gabe.

Bizimodu ederra, baina abuztuaren 22an eskegi zenuen erremontea. Ordurako erabakia hartuta al zenuen?

Erabakia partida hori baino lehenagotik hartu nuen, eta ez neukan beste partida bat jokatzeko asmorik. Baina, Elizaldek deitu zildan enpresatik, esan zidan hari iruditzen zitzaiola partida bat jokatuta uztea hobeto nuela. Konbentzitu egin ninduen eta horregatik jokatu nuen pilotan abuztuaren 22an.

Erabaki erraza izan al da?

Ez da erabaki erraza izan. Maiatzaz geroztik buruari bueltak ematen ari nintzen. Baina, nik uste dut, erabaki onena hartu dudala. Buruari bueltak ematen hasita nengoen, eta horretaz konturatuko ziren etxekoak, nire ondokoak. Jende askok esan dit arraro antzematen ninduela. Dena buruari bueltak ematen ari nintzelako zen, erremontea uzteko erabakia ez baita erraza izan.

Baina erabakiaren arrazoia enpresaren eskaintza ez zaizulako gustatu izan da, ezta?

Enpresak erraz-erraza zeukan; nik pilotan segitzea nahiko balu erraza zeukan. Baina enpresak bere jarrera mantendu du, nik ez dut onartu haiek egindako eskaintza, eta kitto. Hala ere, azpimarratu nahi dut enpresarekin ondo bukatu dudala, eta inorekin ez daukadala arazorik. Enpresaren kontra ez daukat ezer.

Azkenengo partida jokatu eta agurreko afaria ere egin zizuten. Gustura?

Bai, oso gustura. Hotel Loiolan egin genuen afaria, eta oker ez banago 123 lagun bildu ginen. Gero, Juantxo Txiki taberna ere guretzako zabaldu zuten, festa ederra egin eta ondo pasatu genuen.

Eta orain erremontea erabat alde batera utzi al duzu?

Abuztuan ez naiz batere joan Galarretara, oraindik pixka bat kostatu egiten zait joatea, faltan botatzen dudalako. Oraindik jokatzeko moduan ikusten dut neure burua eta tristura pixka bat ere sentitzen dut. Tristura segituan pasatuko zaidala uste dut eta berriro joango naiz Galarretara. Entrenatzen segitu eta lagunekin pilotan ibiltzeko asmoa badut. Orain bizikletan ere hasi naiz pixka bat, zerbaiten hasi behar mantentzeko.

Erremonteko jokalari bezala bizi izan duzun une eder bat?

Aurreko batean, Koldo Aldalurrek ETBn zituzten grabazioak ekarri zizkidan, eta 2001eko Bikotekako Txapelketako irudiak ikusi nituen, eta poza sentitu nuen. Zeberio II.arekin bikotea osatuz irabazi nuen txapelketa. 37-31 galtzen ibili ondoren irabazi genuen. Askotan bezperakoa ez dugu gogoan: egun batean irabazi eta hurrengoan igoal galdu egiten duzu, eta atzeko kontuekin ez da bat akordatzen.

Une txarrak ere biziko zenituen erremontean, ezta?

Txarra belauna puskatu nuenekoa izan zen. Ez zait ahazten.

Erremontea asko aldatu al da?

Materiala asko aldatu da ni hasi nintzenetik, aldaketa hori oinarrizkoa izan da. Lehen Ezkurrak-edo ematen bazion pilotari denok alde egiten genuen pilotaren aurretik, kanoi bola bezala etortzen zen pilota. Gaur egun, berriz, ez da horrela, azkenengo unera arte egoten gara jotzeko zain. Aldaketa asko egon dira erremontean, lehen ez zen gaur egun adina pilotakada ematen.

Eta kantxatik kanpo aldatu al da?

Kantxatik kanpora asko aldatu da erremonteko giroa, lehengo aldean giro gutxi dago pilotalekuan eta pena da. Baina hori ez dago gure esku. Krisiak ere asko eragin dio erremonteari. Hori garbi dago. Baina ez erremonteari bakarrik, esku pilotari, palari... Denetan eragina izan du. Pilotalekuan dirua jokatzen da, eta dirua gero eta gutxiago dago.

Erremontea eta Azpeitia. Zer -nolako harremana dute?

Azpeitian pilotari handiak izan dira. Matxin eta Aizpuru erremontean oso jokalari handiak izan dira. Beti kanpokoak famatzeko joera dugu, baina haiei begiratzeko motiboak ere badaude.