Haurreskola irekiko dute Urrestillan datorren urte hasieran

Uztarria.eus 2009ko ira. 9a, 13:09
Perretxikoaren eraikinean ari dira egokitzen eskola berriaren egoitza.

Bi modulu jarriko dituzte martxan, 0-2 eta 2-3 urte artekoak

Urrestillako eskoletan, perretxikoaren eraikinean, ari dira egokitzen eskola berriaren egoitza

Urrestillak haurreskola izango du datorren urtetik aurrera. Orain dela urtebete Azpeitiko Udalak Urrestillako Herri Batzordearen eskariari erantzunez abian jarri zuen prozesuak aurrera egin du eta, Uztarriak jakin duenez, haurreskola berria 2010eko urtarrilean irekitzea da Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren asmoa. Partzuergo honen barruan kokatuko da Urrestillako haurreskola, sare publikoan. Eskolarentzako izena ere proposatua du Urrestillako Herri Batzordeak: Zurrunbilo Urrestillako Haurreskola.

Haurreskolak Partzuergoak, gainera, Urrestillan sortuko den haurreskolan bi modulu martxan jartzeko baimena eman du: 0-2 urte artekoentzako bata, eta 2-3 urte artekoentzat bestea.

Lanak azaro alderako bukatuta

Urrestillako eskoletan, perretxikoaren eraikinean, ari dira egokitzen eskola berriaren egoitza. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak Azpeitiko Udalari emandako diru-laguntzarekin garatzen ari diren bost proiektuetako bat da Urrestillako haurreskolaren egokitzapena. Udalaren aurrikuspenak betetzen badira, datorren azaro alderako lanak bukatuta egongo dira.