Larrañaga, bigarren

Uztarria.eus 2009ko ira. 7a, 18:09
Juan Antonio Larrañaga Realarekin, Atotxa estadioan. (Reala)

Loiolatarra dago Realeko lehen taldean partida gehien jokatu dutenen artean bigarren: 589 neurketatan aritu zen

Klubak gaur bete ditu 100 urte

Gaur (irailak 7) bete ditu Realak ehun urte, eta bere historian gizonezkoen lehen taldean partida gehien jokatu dutenen artean bigarren tokian azpeitiar bat dago: Juan Antonio Larrañaga (1958, Loiola). 589 partidatan aritu zen 1980 eta 1994 artean, libero eta erdilari bezala.

Alberto Gorriz dago lehen tokian: 599 partida. Hirugarren Jesus Mari Zamora (588), laugarren Luis Arconada (551), bosgarren Miguel Fuentes (495). Larrañagaren aroko jokalariak dira denak.

Loiolatarrak 589 neurketa haietan 22 gol sartu zituen, eta bi aldiz irabazi zuen Realarekin Espainiako Lehen Mailako Liga: 1981ean eta 1982an. "Nik bigarrengo Ligarekin gozatu nuen —zioen Larrañagak 2004ko urriko Uztarria herri aldizkarian—, lehenengoan azken hamar partidak jokatu nituelako eta bigarrengoan denak". Dena dela, "1981ekoak osagai guztiak zituen. Politikoki ez zen erraza Realak Liga irabaztea”.

1982an Espainiako Superkopa ere irabazi zuen Larrañagak eta 1987an Kopa. Horretaz gain, bi aldiz izan zen Ligan bigarren, Kopan behin eta Europako Kopan finalerdira heldu zen behin.

Lagun Onak taldean hasi zen jokatzen, eta 1977-1978 denboraldian Sansek (gaurko Reala Bk) fitxatu zuen. 76 partida jokatu zituen Realaren filialarekin, eta hamabost gol sartu.

Realeko lehen taldearekin 1980ko urtarrilaren 16an egin zuen debuta, Espainiako Kopan: Realak 2-Peña Sportek 0.

1994ko maiatzaren 8an egin zioten agur omenaldia, Reala-Athleticen (0-0). Klubeko urrezko ikurra jaso zuen oroigarri gisa.

Informazio gehiago mendeurrenaz