Kepa Peñagarikano: "Nire merituz lortu dut enpresak Lekeitioko torneoan jarri izana"

Berria 2009ko ira. 2a, 22:09

Asegarcek konfiantza guztia dauka Peñagarikanorengan eta azpeitiarrak udako lehen torneoa jokatuko du gaur (osteguna)

Berria egunkariak elkarrizketa egin dio

Kepa Peñagarikano (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) sasoi onean da azkenaldian, eta goi mailako partidak jokatzen ari da. Horregatik, Asegarcek Lekeitioko San Antolin torneoan aritzeko aukera eman dio, eta berak ez dio horri muzin egin nahi. Olaizola II.a izango du lagun biharko lehen finalerdian, eta Xalari eta Pascuali egin beharko die aurre.

Andoain, Azpeitia, Beizama, Donostia. Hainbat herri aipatzen dira zu nongoa zaren zehaztean, baina zuk nongoa zarela diozu?

Andoainen jaio nintzen, eta hori ez dut uste aldatzerik dagoenik. Halere, azpeitiarra naizela esan daiteke, Beizamako baserrian denbora asko egin dudan arren. Orain, berriz, Donostian bizi naiz. Bakoitza libre da nongoa naizen pentsatzeko.

Eta pilotari moduan non hazi eta hezi zara?

Azpeitian, dudarik gabe. Bertako pilota eskolan urte askoan aritu izan naiz, eta han ikasi ditut pilotaren sekretu guztiak.

Aspaldiko partez torneo bat jokatzeko aukera duzu. Gogotsu, ezta?

Azken bi hilabeteetan ondo aritu naiz, eta gustura sentitu naiz. Horren fruitua da Lekeitioko torneoan parte hartzeko aukera, eta ez dut alferrik galdu nahi. Ilusioz gainezka nago, eta partida jokatzeko irrikan.

Zenbat denbora pasatu da torneo batean parte hartzen ez duzula?

Titular gisa 2003az geroztik. Urte hartan lau torneo jokatu nituen, eta Asier Olaizolarekin txapeldun geratu nintzen Lekeition. Uda polita izan zen hura. Ordutik bi torneotan ordezko moduan jokatu dut, 2004an eta 2005ean. Bietan, baina, zorte txarra izan nuen. Lehenengoan, Otxandorena ordezkatu nuen, eta nire lagun Olaizola II.ak min hartu zuen. Bigarrenean, berriz, Belokiren ordez sartu ninduten, eta aurkari nuen Irujok min hartu zuen. Aurten gauzak hobeto ateratzea espero dut.

Zure jokoak hobera egin du, eta enpresak konfiantza ipini du zugan. Presiorik sentitzen al duzu?

Lekeition lau bikote bikain gaude, baina ez dut uste faborito garenik. Beraz, ez dut sentitzen inongo presiorik, eta lasai nago. Kantxara itxura ona ematera irtengo naiz. Konfiantzaz nago, eta horrek asko laguntzen du. Gainera, enpresak ere niregan konfiantza baduela erakutsi du, baina hori lan askoren fruitua da. Denbora askoan ondo aritu naiz, eta ez diot muzin egin nahi eman didaten aukerari.

Beloki, Patxi Ruiz... Asegarceko hainbat atzelari min hartuta edo sasoia lortu ezinik daude. Zure ustez, izan al du horrek zerikusirik zuk Lekeition jokatzeko?

Bai, noski izan duela zerikusia. Pilotari horiek lehiatzeko moduan ez egoteak besteei ateak zabaltzen dizkie. Baina, hala ere, Lekeitiokoa nire merituz lortutako postua da. Enpresak ez du edozein atzelari ipintzen torneo batean, eta are gutxiago Lekeitiokoak daukan maila ikusita. Aspalditik erakutsi dut ondo nagoela, eta horregatik jokatuko dut.

2003ko Penagarikanoren jokoa gogorarazi duzu hainbat partidatan. Fisikoki ere ondo zaude. Zer prestaketa mota egin duzu?

Udan askoz gutxiago entrenatzen gara, partidaz partida ibiltzen baikara. Hori nahikoa dugu sasoi onean egoteko. Halere, partida batetik bestera zortzi eguneko tartea eduki izan dut, eta orduan Tolosara joan izan naiz, Belokirekin entrenatzera. Horrek motibatu egin nau. Fisikoki ere ondo ikusten dut neure burua, eta arin kantxan.

Lekeitioko torneoan Olaizola II.a izango duzu lagun. Datuen arabera, gustuko laguna duzu.

Bai, Aimarrekin oso gustura jokatzen dut beti. Uda honetan partida dezente jokatu ditugu elkarrekin, eta ondo aritu da. Gogoan dut Azpeitian jokatu genuena. Norgehiagoka aparta egin genuen, baina tanto bakar bategatik galdu genuen Berasaluze VIII.aren eta Beginoren aurka. Aimar puntu ezin hobean dago, eta bikote sendoa osatzen dugu. Guri irabazi nahi digunak lana gogotik egin beharko duela uste dut.

Aurkariak ere ez dira samurrak: Xala eta Pascual.

Partida oso gogorra izango da, sasoi onean daudela erakutsi baitute Aspeko bi pilotariek.