Ezkutukoa azaleratuz

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 2a, 23:09
Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi Burdin Aroko aztarnategian aurten egindako indusketak.

Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Burdin Aroko Munoaundi aztarnategian indusketak egin dituzte aurten ere

Harresi bat dago eta hango sarbidea eta bi dorre industen jardun dute aurten 24 lagun inguruk

Aurten laugarren indusketa kanpaina egin dute Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi muinoan dagoen Burdin Aroko aztarnategian; 2006 urtean hasi ziren lan horretan Aranzadi elkartekoak. Hilabetez, joan den abuztuaren 29ra arte, 24 lagun inguruk jardun dute aztarnategian ezkutua agerira ateratzeko lanetan. Iazko lanari jarraipena egin diote aurten, Sonia San Jose Munoaundiko indusketaren zuzendariaren arabera.

Munoaundin, pinudi baten ondoan, harresi bat dago, Burdin Aroko herrixka baten babesleku eta bizigune izandako horma sendoa. Iazko udan harresiaren sarbidea izango zena aurkitu zuten eta baita bi dorre egon zitezkenaren arrastoa ere. Aurten, harri piloak aztertzen jardun dute. "Aurten iazko lanari jarraipena egin diogu, herriko harresiaren babes egiturak aztertzen, harresiaren sarbidea eta inguruan dauden bi babes dorreak aztertuz", esan du San Josek. Iaz aurkitu zuten sarbidea, "aurten mugatzen jardun dugu erorita dagoelako. Hormak mugatu eta sarbidea hobeto zehazten jardun dugu, dorreek hamabi metroko altuera izango zutela uste dugu". Orain, dorre horiek zortzi metroko harri tontorrak dira.

Aurtengo udan 24 lagunek jardun dute lanean Munoaundiko aztarnategian. Tartean azkotiarrak eta azpeitiarrak ibili dira, baina baita kanpotik etorritakoak ere: beste herri batzutako euskal herritarrak, Galiziakoak, Herrialde Katalanekoak eta Espainiakoak.

Orain barruko lana

Aurtengo kanpoko lana bukatu eta barrukoari ekingo diote. Baina hilabetean egindako lan horrek jarraipena izango du orain. Laborategiko lana batik bat, "han jasotako material arkeologikoa azterttuko dugu eta marrazkiekin-eta jardungo dugu orain lanean".

Indusketen zuzendariaren esanetan, Burdin Aroko aztarnategi garrantzitsua da Munoaundikoa. "Kokagunea leku ona zen herrixka bat eraikitzeko, bertatik bailara ederki ikusten delako. Gainera, horma batek harresi naturalaren funtzioa betetzen zuen alde batean. Horregatik leku pribilegiatua zen Munoaundi".

Munoaundiko indusketa egitasmoa 2012 urtera arte luzatuko da. Eta, Aranzadikoen asmoa harresiaren ingurua aztertzeaz gain, gero jatorrizko egituraren itxurarekin berreraikitzea da. "Dena berreraiki eta jendeari guneak gordetzen duen historia ezagutaraztea da helbura. Unitate didaktikoz ostautako museoa sortzea da gure nahia" dio San Josek.

Abuztuaren 22an herritarren bisitaldia izan zuten Munoaundin. "80 bat lagun etorri ziren aztarnategiko indusketa lanak ikustera. Bisitaldiak arrakasta izan zuen eta jendea gustura gelditu zen".

Bihar beste bisitaldi bat jasoko dute Munoaundin pilatuta dauden antzinako harriek. Azpeitiko Udaleko agintarien bisita, hain zuzen ere.