2-1 irabazi du Lagun Onakek Kopako bigarren partida

Uztarria.eus 2009ko ira. 3a, 00:09

Josu Aranburuk eta Mikel Azkoitiak sartu dituzte etxekoen bi golak

Hurrengo kanporaketa irabazten badu (urriaren 7an), goi mailako talde baten aurka aritzeko aukera izan dezake

Partidako argazkiak ikusteko klikatu hemen

2-1 irabazi du Lagun Onakek gaur (asteazkena) Espainiako Kopako bigarren partida. Orain gutxi bukatu da partida Garmendipe futbol zelaian (19:30ean hasi da) eta azpeitiarrek Badajozko (Extremadura, Espainia) Cerro de Reyes taldea mendean hartzea lortu dute. Bigarren B Mailako taldea da Cerro de Reyes.

Josu Aranburuk eta Mikel Azkoitiak sartu dituzte etxeko taldeari garaipena eman dioten bi golak. Lehenengo zatian egin du Aranburuk partidako lehenengo gola, bigarren minutuan. Aurreneko zatia, hala ere, berdinketarekin amaitu dute. Azkenean, Mikel Azkoitiak 68.ean sartu du etxeko taldeari garaipena eman dion gola.

Emaitza horri esker Kopa jokatzen segitzeko aukera lortu du Azpeitiko futbol taldeak. Urriaren 7an (asteazkena) jokatuko du hirugarren kanporaketa, eta zozketan Bigarren A eta Bigarren B mailetako taldeak sartuko dira. Lagun Onakek hori gainditzen badu, goi mailako talde baten aurka aritzeko aukera izan dezake.

Aitor Zulaika Lagun Onak-eko entrenatzailea gustura zegoen partida amaieran: "Talde on baten kontra irabazi dugu. Beraiek akatsak eduki dituzte guk gauzak ondo egin ditugulako". Zulaikarentzat, hiru izan dira partidaren gakoak: "Baloia eduki dugu, gure jokalariak ez dira atzean gelditu eta moralak lagundu duen arren, fisikoki ere beraiek baino gehiago izan gara".

Bi kanporaketa irabazita

Joan den astean, Garmendipe futbol zelaian, Espainiako Kopako aurreneko kanporaketa jokatu zuen Lizarrako Izarra taldearen kontra, eta 2-1 irabazi zuen.

Burua Ligan

Espainiako Kopak ikusmin handia sortu du herrian. "Zale guztiei eskerrak eman nahi dizkiogu euren jarreragatik. Garaipena jokalarien, klubaren eta zaletuen lanari esker lortu da", adierazi zuen partida bukaeran entrenatzaileak.

Hala ere, Zulaikarentzat orain Ligan pentsatu behar du taldeak. "Kopak ikusmin handia sortzen ari da herritarrengan eta komunikabideetan, baina Liga gure eguneroko ogia da eta horretan pentsatu behar dugu". Denboraldiako bigarren partida igandean jokatuko du Lagun Onak-ek, kanpoan, Gernikaren aurka.

Partidako argazkiak ikusteko klikatu hemen