Abuztuko albisteak, motzean

Uztarria.eus 2009ko ira. 1a, 11:09

Txetxu Iriartek erremontea utzi zuen, Lagun Onakek Espainiako Kopako partida irabazi zuen...

Uztarria.com-ek hileko albisteen bilketa egin du

Abuztuak 1. Ohi bezala, aurten Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ez zen etorri Azpeitira saninazioetan. Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan zen, Patxi Lopez lehendakariaren partez, hau oporretan zelako, Lehendakaritzak esan zuenez. Hainbat lagunek txistuak jo zizkioten plazan Zelaari. Aurretik, beste hainbat lagunek presoen aldeko elkarretaratzea egin zuten Loiolan.

Abuztuak 1. Izarraitz Txoko elkarteko kideak izan ziren II. Bakailao Txapelketako irabazleak. 30 bikote parte-hartzaile izan ziren.

Abuztuak 2. Daniel Luque toreatzaileak bi belarri moztu zituen saninazioetako hirugarren zezenketan; bere bigarren zezenean lortu zuen saria. Luque izan zen, hala, festetako hiru korridetako toreatzailerik onena.

Abuztuak 3. Oilo Soro eta Landeta soziedadeetan lapurreta egin zuten. Oilo Soron telebista harrapatu zuten, Landetan mila euro pasa. Abuztuaren 2tik 3rako gauean egin zuten lapurreta.

Abuztuak 4. Grumalen Enpresa Batzordeak eta enpresako zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Txostenaren inguruko akordioa lortu zuten. Enpresa Batzordean bost ordezkari ditu LABek eta berak ere akordio hori posible izateko negoziazio prozesu guztian parte hartu zuen.

Abuztuak 5. 1925ean eraikitako eta Elecnor enpresak lagatako dresina ibilgailua eraman zuten Tren Museora. Dresina ibilgailu automotore arina da, eta trenbideko azpiegiturak eraberritzeko lanetan garraiatu beharreko langileak eta materiala garraiatzeko erabili izan dute, besteak beste, Bilboko Metroan.

Abuztuak 10. Jose Luis Frantzesena konpositore eta organo-jotzaile azpeitiarrak Oroimenean organorako lan berria estreinatu zuen, Donostiako Artzai Onaren katedralean. Jose Manuel Azkue organo-jotzaile eta lagunari eskaini zion lana.

Abuztuak 12. 35 urteko emakume azpeitiar bat hil zen Azkoitian auto istripuan: Idoia Ostolaza. Autoarekin kamioi baten kontra jo zuen, 9:30ak aldera, Olasoko bidegurutze parean. Kolpearen unean bertan zendu zen.

Abuztuak 22. Txetxu Iriartek erremontea utzi zuen. Orduan jokatu zuen azkeneko partida, Galarretan (Hernani). Azpeitiarra da Iriarte eta 38 urte ditu. 1992an egin zuen debuta profesionaletan, uztailaren 6an, 21 urte zituela. Atzelaria izan da. 2001ean binakako txapela irabazi zuen, Patxi Zeberiorekin. El Diario Vasco-k egindako elkarrizketa

Abuztuak 26. Lagun Onak-eko gizonezkoen lehen taldeak 33 urte eta gero Espainiako Kopako partida bat jokatu zuen (Teneriferen kontra, eta 1-0 irabazi zion). Izarra Nafarroako taldea izan zuen aurkari Garmendipen (Lizarrako taldea da), eta 2-1 egin zuten. Kanporaketa partida bakarrera zenez, Lagun Onakek egin zuen aurrera, eta asteazken honetan ariko da berriro, Cerro Reyes taldearen aurka, Azpeitian (19:30). Irabazten duena, sailkatuta. Badajozkoa (Espainia) da Cerro Reyes, eta aurreko kanporaketan 2-4 nagusitu zitzaion Teniscari (Kanaria Handia, Espainia).

Abuztuak 30. Lagun Onakek Espainiako Hirugarren Mailako denboraldiko aurreneko partida jokatu zuen, etxean, Aretxabaletaren aurka. 0-0 egin zuten.