Kopako bigarren kanporaketa jokatuko du Lagun Onak-ek asteazkenean, etxean

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 1a, 11:09

Joan den astean Izarrari irabazi zion, eta bihar Cerro de Reyes Badajozen kontra ariko da, 19:30etik aurrera

Aurrera eginez gero, goi mailako talde baten aurka aritzeko aukera izan dezake Azpeitiko taldeak

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak gogor hasi du denboraldi berria, egun gutxiren barruan lau partida jokatuko baititu. Joan den astean, Garmendipe futbol zelaian, Espainiako Kopako aurreneko kanporaketa jokatu zuen Lizarrako Izarra taldearen kontra, eta 2-1 irabazi zuten azpeitiarrek. Emaitza horri esker Kopa jokatzen segitzeko aukera ere lortu dute. Bihar (asteazkena), Kopako bigarren partida jokatuko dute Cerro de Reyes (Badajoz, Extremadura, Espainia) taldearen kontra, 19:30ean, Garmendipeko futbol zelaian.

Bihar aurkari izango duten taldea Espainiako Bigarren B Mailako taldea da, Izarra bezalaxe. Horrek partida etxean jokatzeko aukera ematen dio Azpeitiko taldeari.

Kopako lehen kanporaketan, eta euskal taldeen artean, Lagun Onak-ek bakarrik lortu du hurrengo kanporaketarako sailkatzeko aukera. Izan ere, Izarrak, Lemoak, Alavesek eta Eibarrek galdu egin zuten. Kopako hurrengo kanporaketa Lagun Onak-ez gain, Real Union eta Realak ere jokatuko dute.

Kopa, "ezohiko lehiaketa"

Espainiako Kopako partidak Lagun Onak Futbol Elkartean, taldean eta zaletuen artean "zerbait berezia sortu" dutela dio Aitor Zulaika Lagun Onak-eko lehen taldearen entrenatzaileak: "Guretzako ezohiko lehiaketa da. Orain arteko bi aurkariak ere ezohikoak dira guretzako. Jende askoren buruan dago biharkoa irabaziz gero zer gertatuko den. Kalean ere askok galdetu didate hori". Zulaikak ez du gustukoa etzikoaz hitz egitea, aurreneko egitekoa biharkoa da harentzat. Baina, bihar irabaziz gero goi mailako talde baten aurka aritzeko aukera izan dezake Azpeitiko futbol taldeak.

Hamaika-hamabi egunetan lau partida jokatuko ditu Lagun Onak-ek, bi kopakoak eta beste bi denboraldikoak. "Joan den astean jokatu genuen Kopako aurrena; igandean, berriz, denboraldikoa Aretxabaletaren kontra (0-0). Asteazkenean, Kopako bestea, eta igandean denboraldiko bigarrena Gernikaren kontra. Kontuan hartu behar dugu aurten denboraldi aurreko sasoia bestetan baino beranduago hasi dugula. Gogorra da, baina hor dago gure lana, tenikoon lana", esan du Zulaikak. Gogorra bai, baina "aldi berean ederra" ere badela dio.

Herenegungoa, partida txarra

Futbol denboraldi berria, aldiz, ez dute hain ondo hasi azpeitiarrek. Herenegun jokatu zuen 2009-2010 denboraldiko aurreneko partida Aretxabaletaren kontra. Husna egin zuten. Hala ere, "oraindik denboraldi luzea" gelditzen zaiela dio Lagun Onak Futbol Elkarteko presidente Joxe Mari LarraƱagak.

Taldearen entrenatzaile Aitor Zulaikaren esanetan, "partida txarra" jokatu zuten Aretxabaletaren kontra, "baina taldearen emozio egoera ere kontutan izan behar da, Kopa jokatzeak ere pixka bat deszentratu egiten du taldea. Ez da lan erraza, baina guk egin beharreko lana ere hor dago. Kontutan izan behar dugu gure eguneroko lana denboraldikoa dela; bestea, Kopa, berezia da".

Eskualdeko futbol taldeetatik Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak-ek bakarrik hasi du denboraldi berria. Zarautz mailaz jaitsi da eta Gorengo Mailan ariko da. Gipuzkoako Gorengo Mailako taldeek, Erregional mailakoek eta jubenilek hilaren 12an hasiko dute 2009-2010 denboraldia.

Hamaika talde

Denboraldi berrirako 11 talde ateratzeko asmoa du Lagun Onak Futbol Elkarteak. "Infantil Txikien maila daukagu osatzeko eta antolatzeko, baina gainontzeko beste mailatako taldeak martxan daude. Aurten, Infantil Txiki mailako nesken taldea sortzeko aukera ere ikusten dugu. Azken t alde horretarako egindako deialdira hamalau neska azaldu ziren, eta horiei ere aukera eman behar zaie", azaldu du LarraƱagak.

Bazkide txartelak aterata

Lagun Onak Futbol Elkartekoek adierazi dutenez, denboraldi berrirako bazkide txartelak jasotzeko moduan daude dagoeneko. Joan den asteburuan Ongi Etorri eta Eguzkitza tabernetan jarri zuten txartela jasotzeko aukera. Baina hemendik aurrera Garmendipe futbol zelaian jaso beharko da. Lagun Onak Futbol Elkarteko bazkide egin nahi dutenek ere futbol zelaira jo beharko dute. Bazkidetza orokorra 70 euro kostatzen da, Tribunako bazkidetza 80 euro eta Ohorezko bazkidetza 90 euro. Gazteen bazkidetza, berriz, 35 euro da.