Datozen hiru urteetan langilerik ez kaleratzea adostu dute Grumalen

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 29a, 11:07

Hainbat negoziaketaren ondoren, akordioa lortu dute enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak

Enpresak inor ez kaleratzea onartu duenez, langileek Enplegua Erregulatzeko Txostena onartu dute

Grumal enpresan bi aldeak akordio batetara iritsi dira. Hau da, Enpresa Batzordeak eta zuzendaritzak akordioa egin dute, eta hitzarmen horrek langileen asanbladaren "babes osoa" jaso du. Atzo eman zuen horren berri Urola Kostako ELA sindikatuak.

ELAk dioenez, egin berri duten akordioaren arabera honakoa adostu dute bi aldeek: "Enpresak datozen hiru urteotan (2010, 2011 eta 2012) ez du langilerik kaleratuko. Bestetik, oporretan ehuneko ehun kobratuko dute langileek. Eta, aparteko ordainsarien %90a artekoa enpresak osatuko du". Horren "trukean", enpresako zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Txostena onartu du enpresa batzordeak. Hala esan du ELAk: "Berme eta diru osagarri horien truke Enpresa Batzordeak bere oniritzia eman dio zuzendaritzak aurkeztutako txostenari". Sindikatuak dioenez, Grumaleko zuzendaritzak suspentsioko Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztu zuenetik hainbat bilera egin dute. Tartean "zenbait tirabira" ere izan dute, baina bi aldeak "positiboki" baloratu dute akordioa lortu izana.

"Akordioak posible"

ELAren arabera, "enpresariak negoziatzeko prest jartzen direnean, mehatxuak eta txantaiak baztertu eta demokratikoki jokatzen dutenean, eta era berean, beraiei dagokien ahalegina egiten dutenean, orduan bai, orduan akordioak posible izaten dira". Horixe gertatu da Grumalen, eta langileen "antolakuntza eta bultzada" lagun izan dute, esan du ELAk.

"Oso positiboa"

Grumal enpresako kudeatzaile Bittor Aranzabalek Urola Kostako Hitza egunkariari adierazi dionez, Enpresa Batzordearekin akordioa lortu izana "oso positiboa" da. "Izan ere, Enpresa Batzordeak eskatzen zuena, gaur egungo egoera ikusita administrazio publikoak bakarrik berma dezake. Hau da, Enplegua Erregulatzeko Txostena proposatu aurretik, lanpostuen bermea eskatzen zuten. Gaur egungo egoera ikusita, enpresa batek ez daki hemendik bi edota hiru urtera zein egoeratan egon daitekeen, zer gertatu daitekeen. Eztabaida gehien kontu horren inguruan izan dugu; kezka gehien horrexek eragin du. Enpresa Batzordeak hori eskatzeko orduan, kontuan zuen Grumaleko akziodun nagusiena Fagor dela, baina gaur egun Fagorren bertan une zailak eta larriak bizitzen ari gara: soldatak %8 jaitsi dira eta aparteko ordainsariak kobratzeko ere lanak ditugu". Enpleguak mantentzeko bermeak luzatu ditu zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko negoziazioak Aranzabalen ustez. Akordioaren beste baldintzak, berriz, "dezente azkar" adostu zituzten. Garrantzitsuena adostasuna lortzea dela dio, eta "ildo horretatik jokatzeko borondatea" erakutsi du, "ea aurrerantzean ere akordioa positiboa den bai langileentzako bai enpresarentzako, beste tenore bat eskaintzen ari garelako".

Iazko urrian, Grumal enpresan 44 langile Enplegua Erregulatzeko Txostenaren bidez kaleratzea proposatu zuen zuzendaritzak, eta enpresako Langileen Batzordearekin eta sindikatuekin hizketan hasi zen.

Grumal egurraren arloko enpresa da. Gaur egun ia berrehun langile inguru ditu. Orain, garai bateko lau enpresek osatutzen dute enpresa: Perfimak, Laguntzailek, Pemecek eta Seituk. 2005eko martxoan enpresaren %78 Fagor etxetresna elektrikoen enpresak erosi zuen, datorren urteko martxorako kooperatiba bihurtzeko asmoarekin. Une honetan, prozesu horretan dago murgilduta.

Bestelako egoerak

Bestalde, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Lana Erregulatzeko Txostenak onartzeko garaian duen "erraztasuna" gaitzetsi du ELAk, "berdin baitzaio Lan Sailari akordiorik izatea edota ez izatea". Eskualdeko zenbait enpresatan bestelako egoerak gertatzen ari direla salatu du ELAk, Azpeitiko Azcue y Cia enpresa adibide bezala aipatuz: "Tristea da, baina une honetan enpresa horietan txantaia eta mehatxua nagusi dira. Demokratikoak eta arruntak izan beharko luketen joerak arraro bihurtzen ari dira, eta hori guztia langilegoak pairatzen du".