Nafarrak izan dira nagusi Umeen Euskal Festako erraldoien desfilean

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 28a, 11:07
Erraldoiak, gaiteroak eta dultzaineroak herriko enparantzan elkartu ziren dantzaldia egiteko.

Haurren Udalbatzak agintea hartu eta umeen neurrira egindako egitarauaz gozatzeko aukera izan zen

Barraka Eguna bihar (asteazkena) izango da

Umeek euren eguna ospatu zuten herenegun eta, helduak bailiran, beraiena izan zen agintea egun batez. Umeen Udalbatza udaletxetik San Sebastian parrokira oinez abiatu eta meza entzun zuten bertan, Antxieta Musika Eskolako Abesbatzaren kantaldi eta guzti.

Eguerdian, Alkate Txikiei ongietorria egin zieten Banda Gaztearen musikarekin lagunduta, herriko enparantzan. Arratsaldean ere hainbat ekimen izan zen umeen gozamenerako. Hala nola, scalextric saioak, buruhandiekin jolasak eta zuzeneko musika emanaldia izan zuten.

Erraldoi nafarrak nagusi

Erraldoien desfile ikusgarria etorri zen geroago. Euskal Herri osotik etorritako hamalau taldek parte hartu zuten ekimenean, iaz baino bi talde gutxiagok: Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Bidasoa, Bilbo, Elgoibar, Hondarribia, Legazpi, Deba, Donostia, Oiartzun, Urduña, Iruñeako Txantrea auzoa, Zangotza eta Zarautz izan ziren.

Herriko kaleetan zehar desfilea egin ondoren, plazan elkartu ziren erraldoiak, dultzaineroak eta gaiteroak, dantza ikuskizuna egiteko.

Zangotzako erraldoiek irabazi zuten banakako lehiaketa, eta taldetan onenak Txantreakoak izan ziren, epaimahaiaren arabera.

Barraka Eguna

Festa giroarekin jarraituz, Umeen Barraka Eguna izango da, bihar, 16:30etik aurrera. Betharramdetan dauden barraketan ibiltzeko bi txartel 1,50 eurotan erosteko aukera izango da.

Bildutako dirua elkartasun proiektuetara

Larunbatean, Santiago Egunean, plazan erre zuten txekorrarekin bildutako 1.400 euroak elkartasun proiektuei laguntzeko erabiliko ditu Azpeitiko Misio Taldeak. Batetik, Guayaquil (Ekuador) hirian eskola proiektu bat bultzatuko dute. Aurretik egin zuten ikastetxe batean, Francisco Garate ( Loiolako Errekarteko Semea) izeneko eskolan gela berriak egingo dituzte, eskolaratze prozesua bultzatzen jarraitzeko. Joseba Lazkano jesulaguna izango da proiektuaren arduraduna. Bestetik, Swazilandian (Afrika) gazteak eskolaratzeko proiektua bultzatuko dute, Mikel Garmendiaren ardurapean.

Bestalde, Santiago Egunean egin zuten XXXVII. Sagardo Txapelketarako erabili duten argazkiaren egilea Juan M. Ibarzabal dela jakinarazi du Azpeitiko Udaleko Kultura Sailak. "Kartela asko gustatu zaie herritarrei, eta bere izena adieraztea beharrezkoa dela iruditu zaigu", esan dute.