Balkoi dotoreenak saritu dituzte

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 27a, 11:07
1. Saridun guztiak. 2. Mari Carmen Etxeberriak du balkoi berritzaileena. 3. Iñaki Sagarazurena da balkoirik ikusgarriena. 4. Axun Etxanizek irabazi du balkoi ederrenaren saria.

Loraldi 09 lehiaketaren baitan, balkoi ederrena, berritzaileena eta herriak aukeratutakoa saritu ditu Udalak

Axun Etxaniz, Mari Carmen Etxeberria eta Iñaki Sagarzazu dira irabazleak

Loraldi 09 balkoi eta leiho lehiaketako sariak banatu zituzten herriko plazan larunbatean. Udaberrian eta uda hasieran euren balkoiak eta leihoak lorez ondoen jantzi eta apaindu dituzten herritarren ahalegina eskertze aldera, hiru sari banatu zituen Azpeitiko Udalak: balkoi tradizional ederrena, berritzaileena eta herritarren ustez dotoreena, hain zuzen ere.

Axun Etxanizek jaso zuen balkoi ederrenaren saria, Nerea Aldai zinegotziren eskutik. Balkoi berritzaileenaren saria, berriz, Mari Carmen Etxeberriak irabazi zuen eta Kimu Bat lorategiko ordezkari batek eman zion saria. Herritarren saria, azkenik, Iñaki Sagarzazurentzat izan zen eta Irene Altuna loradendako ordezkari batek eman zion.

Sari berdina guztientzat

Hiru irabazleek sari berdina jaso zuten; bi sari hauetatik bat aukeratu behar izan zuten: nekazal etxe batean egonaldia edo herriko lore denda batean erosketak egiteko txartela.

Loraldi lehiaketa estreinako aldiz antolatu du aurten Azpeitiko Udalak eta honako hauek osatu dute lehen edizioko epaimahaia: Irene Altuna loradendako Miren Altunak, Kimu Bat lorategiko Iker Goikoetxeak eta Ingurugiro Etxea Fundazioko zuzendari Orkatz Goenagak.