Santiotan, sagardoz blai

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 27a, 12:07
Herriko harakinek txekorra erre ohi dute urteko santio bezpera gauean, egunean pintxoak eskaintzeko.

Barkaiztegi upategiak irabazi zuen sagardo lehiaketa

Julio Aranburu oriotarrak Guinnes marka berria egin zuen soka saltoan

Santioetako argazkiak ikusteko klikatu hemen

Santio jaiek sagardo usaina utzi dute herrian. Azpeitian egun handia izan zen larunbata: goizetik eguzkiak gogotik jo zuen festaren erdigunean, herriko plazan eta eguzkipean, ekitaldi eta jarduera asko izan zen. Inurrien moduan, pixkanaka-pixkanaka betetzen joan zen plaza.

Julio Aranburu oriotarrak Guinness marka berria egin zuen soka saltoan. 6.300 salto egin behar zituen 35 minututan marka berdintzeko; Aranburuk, ikusmin handia sortu zuen eta, azkenean, 6.507 salto egin zituen. Ikusleak ahoa bete hortz utzita, sekulako txalo zaparrada jaso zuen.

Urteroko lehiaketak jokatu ziren herriko plazan. XI. Gazta Txapelketan epaimahaiak Araiako (Araba) Puy Arrietaren gaztari eman zizkion puntu gehien. Bigarren Pedro Gabiria legazpiarra gelditu zen eta hirugarren postuan, berriz, Ricardo Remizo Eulatekoa (Nafarroa). Guztira, 21 parte-hartzaile izan zituen txapelketak.

Sagardo lehiaketa luzea

XXXVII. Sagardo Lehiaketa ohi baino gehiago luzatu zen atzo, izan ere, puntuazio ofizialean berdinketa izan zen lehen eta bigarren sailkatuen artean. Hiru aldiz errepikatu behar izan zuten bozketa eta azkenean, erabaki bitxia hartu zuten. Bi sagardoetako bat dastatzeko eman eta epaimahaikide guztiek zortziko puntuazioa eman behar zioten; ondoren, bigarrena dastatu eta lehenarekin konparatuta, hobea ala okerragoa zen puntuazioa eman zuten. Gauzak horrela, azkenean, Barkaiztegi upategiak irabazi zuen txapelketa; Altzueta izan zen bigarren eta Alorrenea, berriz, hirugarren.

Goiz osoan zehar, gainera, plazako arkupeak upategi desberdinetako sagardo postuz beterik egon ziren. Herritarrek bi eurotan erositako edalontziarekin, nahi adina sagardo dastatu ahal izan zuten. Dastatu baino gehiago, edan, 13:30erako agortuta baitzegoen sagardo guztia. Urtero bezala, txekorra ere erre zuten herriko harakinek eta euro baten truke, haragi gozoaren mokadutxoak jan ahal izan zituzten agortu aurretik iritsi zirenek.

Pilotari gazteak sasoian

Frontoi-Txikin XXV. Pilota Txapelketa jokatu zen goizean, Cesar Valverde Saria. Benjamin txiki B mailan, Merketegik Amenabarri irabazi zion 18 eta 14; benjamin txiki A mailan, Galarraga gailendu zitzaion Alberdiri, 18 eta 17 emaitzarekin; benjaminetan Egiguren eta Altuna bikoteak 18 eta 16 irabazi zion Balerdik eta Garatek osatutako bikoteari; alebinetan, berriz, Alberdik eta Iriondok 18 eta 13 irabazi zieten PeƱagarikano-Alberdi bikoteari.

Azken partida, lau eta erdiko afizionatuen partida izan zen, eta LarraƱagak Mendizabali irabazi zion 22 eta 19ko emaitzarekin.

Arratsalde alaia

Indartsuak eta ederrak dira zezenak, hori frogatu zuten atzo arratsaldean Azpeitiko zezen-plazan zezenen desenkajonamendura joan zirenek. Saninazioetako zezenketetan toreatuko diren zezenak ikusi ahal izan ziren bertan.

Arratsaldean, berriz, Baigera elkartekoek eta Gaztetxeko kideek kantu-poteoa egin zuten elkarrekin kaleetan zehar eta Gaztetxean eman zioten amaiera; bertan bildu ziren guztiak, Hitzeder eta Egurrolaren erromeriaz gozatzera. Gauean Seiren musika taldeak kontzertua eskaini zuen plazan.

Santioetako argazkiak ikusteko klikatu hemen