Pako Iriarte eta Xabier Euzkitze ez dira 'ados'

Uztarria.eus 2009ko uzt. 24a, 16:07

Ados hitzaren erabileraz ezbaian ari dira Berria-n

Hemen bien gutunak

Bi azpeitiar euskaltzale ados hitzaren erabileraz eztabaidan dabiltza Berria egunkarian, gutunen atalean: Pako Iriarte Arruti eta Xabier Euzkitze. Bistan da: ez dira ados.

Hona hemen bien eskutitzak.

Hemengoa behar zuen IZAN!

Pako Iriarte Arruti (uztailak 22, Berria)

Euzkitzeren "Ados, ados... eta... amets on!" ezagunak, euskaldun askori, belarrietan zazta egin ohi digu. Erdaraz, aurrenak, "de acuerdo, de acuerdo" dio. Eta ez dut uste, pilotariak jokoa adostekotan dabiltzanik. Bigarrenak, erdarazko loaren eta ametsen arteko nahasketa euskaratzeko ahalegina dela dirudi. "Tengo sueƱo", amets dut, esatera iritsiko ote gara? eta logura izan, benetan.

Azken aldi honetan, telebistan, Euskadiko Kutxaren iragarkia bota eta bota ari dira. Honako esaldi hau esan eta esan ari dira: "Horrelako batek, hemengoa behar zuen"... Zer dio? Zer esaten du? Hau gazteleraz, nola esango zenuke? Neuk, honako hau dioela esango nuke: "Una cosa como esta necesitaba una de aqui" edo "algo como esto, necesitaba uno de aqui". Esaera hau gaztelerazko pentsaeraz egina da. Eta guk ulertu arren, "hemengoa behar zuen izan" esana beste bat da. Iragarki honek, amesgaizto honek, ezin du hemengoa izan, baina bada. Asmo onenez, amets onak izan.

Pako Iriarteri

Xabier Euzkitze (uztailak 24, Berria)

Pako Iriarte jauna; bi hitz besterik ez herenegungo zure iritzi haluzinogenoaz. Euskaldunon herria nahikoa txikia da berez ere, baina guk are gehiago txikitzen eta mugatzen dugu, autoz ordubetera ditugun euskalkietako esamoldeak, geure muga-euskalkietakoak, grekoa bezain arrotz edo txinera bezain exotiko iruditzeraino. "Ados, ados" esan ohi dut nik, bai. Zuk beste hau diozu: "Erdaraz de acuerdo, de acuerdo dio". Bikain, Pako. Komunikabide batera ezer idatzi aurrez hiztegian begiratzeko adina begirune izan ez duzunez, neuk jakinarazi beharko dizkizut beste zenbait adiera, ez denak.

Euskaltzaindiaren hiztegi batuak "ados izan", "adostasun", "adoste" eta "adostu" dakartza, denak berdinketari lotuak. Autoritateen Retana hiztegiak, besteak beste, hau dio: "Ados: igualar o empatar en general en el juego de la pelota. Ados dire. (Duvoisin) Oraino 24na ados ziren halere. (Arraya, 1961-3-23)". Horrez gain, "adoskatu", "adoste" eta "adostu" ere aurkituko dituzu, eta denak pilota jokoari lotuak. Elhuyar hiztegiak honela jasoa du: "Ados izan: kirol eta lehiaketetan, pilota jokoan bereziki, tanto edo puntu kopuru berdina izan". "Adostu" aditzaren lehen adiera ere berdinketari buruzkoa da. Harluxet, Morris, Mujika, 3000 hiztegia... denetan aurki zenezakeen, baina zuk begiratzeko astirik ez. Neuk asmatutako hitz batekin ariko nintzela uste izango zenuen, inondik ere, zure belarri minberetan zazta eta zazta.

Amets on, Pako, baina noizbait esnatu ere egin beharko dugu. Izan funtsa!