Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimendua: "Elkartasunak ez du etenik"

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 23a, 11:07

Festetan, presoei eta iheslariei elkartasuna adierazteko ekimenetan parte hartzeko deia egin die herritarrei

Bihar (ostirala) Amnistiaren Eguna izango da

"Elkartasunak ez du sekula etenik izango. Elkartasun iturriak iraunkorki jario betean jardungo du Azpeitiko festetan ere", esan du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Horregatik, festetan antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzeko gonbita eta deia egin die herritarrei. Bihar bertan Amnistia Eguna izango da saninazioetako egitarauaren baitan, Amnistiaren bidean, elkartasunak ez du etenik izango! lelo hartuta. 19:00etarako manifestazioa deitu dute igerileku aurretik irtenda. 21:00etan, berriz, afaria eta ekitaldia egingo dituzte, Azoka plazan.

San Inazio bezperan, herriko festetako suziria bota aurretik elkarretaratzea deitu dute herriko plazan. Abuztuaren 1ean, 10:00etan, elkarretaratzea deitu dute Loiolan, Euskal presoak Euskal Herrira! lelo hartuta.

"Elkartasunak esanahi berezia du gure Euskal Herri txiki honetan. Elkartasuna da euskal presoei eta iheslari politikoei aurrera gogor egiteko arnasa ematen dien ezinbesteko laguntza", dio Azpeitiko AAMk.

Presoek eta iheslariek "garai gogorrak" bizi dituztela azaldu dute, eta egoera hori bizi duten herritarrak izan ditu gogoan AAMk. "Azpimarratu, Juan Karlos Arruti azpeitiarrak aurten 20 urte beteko dituela espetxean. Azpeitiko iheslari politikoen artean, berriz, Maria Angeles Artola azpeitiar iheslari politikoak 25 urte bete ditu Venezuelan bizitzen, eta 31 urte pasatu dira herritik ihes egin behar izan zuenetik". Elkartasuna "oinarria" dela diote, eta hori "etsaiak argi daki".

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org