Gaztetxeko IV. urteurrena ospatuko dute larunbatean

Uztarria.eus 2009ko uzt. 15a, 11:07

Egun osoko egitaraua prestatu dute

Baltsa jaitsiera, bazkaria, ur jolasak eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste

Azpeitiko Gaztetxeak lau urte bete ditu gaur, uztailak 15, eta urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte larunbaterako Gazte Asanbladakoek.

Egun osoko egitaraua prestatuta dute dagoeneko. 11:00etan ekingo diote Urola ibaian baltsa jaitsierari plaza atzetik. 14:00etan, berriz, bazkaria izango da Gaztetxean. Bazkalosterako, 17:00ak aldera, ur jolasak antolatu dituzte eta ondoren, 18:00etan, kalejira egingo dute. 20:30ean pintxo jana eta barra librea izango dira gaztetxean. Gauean musikara txanda izango da: 22:00etatik aurrera Skaiketan eta Fala non caduca taldeek musika kontzertuak eskainiko dituzte.

Bazkarirako eta kontzertuetarako txartel bera izango da. Ikasle eta langabetuek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta langileek, berriz, 10 euro.

*Datorren ostiralean, uztailak 17, Gaztetxeko urteurrena dela-eta Gazte Asanbladako Jon Agirre eta Enara Arregiri elkarrizketa digitala egingo diogu uztarria.com-en.