Inazioren arimara bisita gidatuak

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 15a, 11:07
Loiolako santutegiaren aurrean atzo (asteartea) egindako bisita gidatuko partaideak. (Nerea Uranga)

Arimadun Bisitaldiak izeneko bisita gidatuak antolatu dituzte Loiolan, gaur (asteazkena) hasi eta abuztuaren 15era arte

Zerbitzu iraunkorra, gaztelaniaz izango da; euskaraz nahi izanez gero aurrez eskatu beharko da

"Toki ederrak ikusi eta barrura begirako erromesaldia" egiteko gonbita da Arimadun Bisitaldiak programa berria, Joxe Maria Etxeberria Loiolako Santutegiko erretoreak dioenez. "San Inaziok berak bederatzi erromesaldi sendo eta potolo egin zituen, bere barrurako bidaiak izan zirenak".

Loiolako santutegiaren baitan bisita gidatuak egiteko programa jarriko dute martxan gaurtik abuztuaren 25era bitartean. San Inazioren bizitzaz, Jesusen Lagundiaren eta Loiolako santutegiaren beraren historiaz ikasteko aukera eskainiko dute.

Bisita gidatuen programa Jesuiten Gunea proiektuaren baitan dago. Egitasmoak, Jesusen Lagundiak Loiolako Probintzian izandako esperientziaren eta ondarearen berri ematea du helburu.

Loiolako santutegiaren baitan eginiko oinezko bidaia gidatua Santutegiko harreran hasten da. Aurrez eskatzen ez bada behintzat, bisita gaztelaniaz izango da, Esther Boulandier gidari dela. Euskaraz, frantsesez eta ingelesez egiteko aukera ere badago, baina horretarako aurrez deitu eta eskatu egin beharko da santutegian.

Sarreran ongietorria egin eta Etxe Santuaren sarrerara joango dira. Bertan, mendeetan atzera egin eta santutegia egin aurretik bertan zer zegoen kontatuko du gidariak. Bisitaren bidez bi ikuspegi jasotzeko aukera dago: kontakizun historikoa eta artistikoa, Jesusen Lagundiaren esperientziaren kontakizunarekin uztartuko dute. Tokirik toki eta mendez mendeko bidaia egingo dute, Loiolako IƱigoren arima aurrena eta San Inaziorena gero oinarri hartuta. Gidariak, XVI. mendean hasiko du kontakizuna eta gaur egunera etorriko da, bisitariak Etxe Santuko solairuetatik, santutegitik, basilikatik eta Errekarte baserritik barrena dabiltzan bitartean. Tartean, geldialditxo bat egingo dute kafe edota mokadu bat hartuz ikusitakoari buruz jarduteko.

Loiola bisitatzen dutenentzat edukiak aberasten eta borobiltzen joatea da jesulagunen asmoa: "Abiatutako hau esperientzia berria da, Loiola aberatsago eta sendoago egiteko asmoaren baitan".

Datuak

Noiz hasita: Gaur hasi eta abuztuaren 15a arte.

Ordutegia: Asteartetik igandera, 10:15ean, 12:00etan eta 17:00etan. Astelehenetan bisita gidaturik ez da izango.

Bisitaren iraupena: Ordu eta laurden inguru.

Prezioak: 14 urtetik beherako haurrak doan eta helduek 3,5 euro.

Hizkuntzak: Printzipioz bisita gidatuak gaztelaniaz egingo dituzte. Euskaraz, frantsesez eta ingelesez egiteko aukera ere eskaintzen dute, baina hiru kasu horietarako aurretik eskaera egin beharra dago.

Erreserba egiteko: Loiolako santutegian bertan, bisita hasi baino hamar minutu lehenagotik egin behar da erreserba. Telefono zenbakia: 943 025000.