Hamabost autotan lapurretak eta puskaketak izan ziren larunbat gauean

Uztarria.eus 2009ko uzt. 13a, 11:07

Udaltzaingoak Debako zentroko bi adin txikiko atxilotu zituen

Kaltetuei laguntza eskainiko die Udalak

Azkeneko albistea (hilak 14, 09:35): Herenegun atxilotutako bi adingabeak Bizkaiko zentro itxietara eraman dituzte

Hamabost bat auto eta karabanetan lapurreta eta puskaketak izan ziren Azpeitian larunbat gauean. Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, Debako zentroko bi adin txikiko atxilotu zituen. Kaltetuei laguntza eskainiko die Udalak eta edozer arazo izanda Udaltzaingora joan behar da.

Herriko hainbat auzotan gertatu ziren istiluak, besteak beste, Santutxo, Arana, Arana Goikoa eta Salbe auzoetan. Udaltzaingotik adierazi dutenez, "03:15ak aldera udaltzainek abisu bat jaso zuten Etxebeltzeko aparkalekutik. Bertara joan ziren eta gazte bat autoetako kristalak puskatzen ari zela ikusi zuten; beste gaztea, berriz, autokarabana baten barruan zegoen".

Udaletik adierazi dutenez, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin eta EUDELeko lehendakariarekin harremanetan jarri zen atzo (igandea) goizean. Gaur (astelehena) foro interinstituzionaleko arduradunarekin hitz egingo du. Erakunde horiei eskatuko die egungo araudia, integrazio printzipioaz gain, segurtasunekoa bermatzeko helburuarekin ere aplikatzeko, eta egungo legediak gabeziak baldin baditu aldatzeko beharrezko pausoak emateko.

"Gipuzkoa eta bertako udalak ahalegin handiak egiten ari gara nerabe hauen integraziorako. Gutxiengo bat da ahalegin hori arriskuan jartzen duena, eta horiekin beharrezko neurriak hartu behar dira, integrazioa eta segurtasun printzipioak uztartzeko", adierazi dute Azpeitiko Udaletik.

Azkeneko albistea (hilak 6, 09:35): Herenegun atxilotutako bi adingabeak Bizkaiko zentro itxietara eraman dituzte

Larunbatetik igandera bitarteko gauean hamabost auto eta karabanatan lapurretak egiteagatik atxilotutako bi adingabeak epailearen aurretik pasatu ziren atzo (astelehena), eta Bizkaiko bi zentro itxietara eraman zituzten.

Atxilotutako biak Endoiako (Deba-Zestoa) adingabeen zentrokoak direla esan zuen Azpeitiko Udalak igandean ateratako oharrean, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako departamentuak ezeztatu egin du hori: "Azpeitian atxilotutako bi adingabeen tutoretza ez du Gipuzkoako Foru Aldundiak, haien gaineko tutoretza etenda zegoen urte hasieratik, eta guk non zebiltzan ez genekien, Gipuzkoatik kanpo zeudela uste genuen".

Azpeitian atxilotutako biak Bizkaiko Epaitegiak hara eramateko eskatu zuen. Atzo bertan pasatu zituzten epailearen aurretik, eta honek Bizkaian leporatzen dizkien hainbat ekintzagatik erreformarako zentro itxieetan sartzeko eskatu zuen. Atzo, Bizkaiko bi zentro itxitan sartu zituzten eta orain epaiketaren zain daude.

Tutoretza eteteko aurrez prozesu eta epe bat behar da Gizarte Politikako departamentuaren arabera: "Gehienetan beraiek alde egiten dute zentrotik, edota beraiek esaten digute Gipuzkoatik badoazela edota etxera doazela. Kasu guztietan 15 egun zain egoten gara itzultzen diren jakiteko, ez badira bueltatzen protokolo bat abiatzen da, tutoretza eteteko. Prozesuak hilabete inguru irauten du".

Fenomeno berria

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Departamentukoen esanetan azken egun hauetan "fenomeno berria" gertatzen ari da adingabekoekin: "Orain egun batzuk Errenterian bi atxilotu zituzten eta orain Azpeitian beste bi. Lau horien tutoretza etenda du Gipuzkoako Foru Aldundiak". Gertatzen ari denaz Aldundiak "susmo batzuk" baditu: "Heldu batzuen babesa dutela susmatzen dugu". Aurrez aipatutako departamentuak, aste honetan bertan, zer gertatzen ari den ikertzeko eskatuko dio Fiskaltzari.

Azpeitiko Udalaren arabera, herrian azkenaldian izandako gertakariek "segurtasun falta" dagoela erakusten dute: "Asteburuero antzeko gertaerak gertatzen ari dira inguruko herrietan". Udalaren ustez, "segurtasun eta delikuentzia arazoa" da, eta ez dute nahi arrazakeriarekin nahasterik.