Ate irekien jardunaldia antolatu du DYAk larunbaterako

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 8a, 17:07

Bide Laguntza Elkartearen jarduna ezagutzeko ekimenak egingo dituzte, Betharram ikastetxean

Jardunaldia 10:00etatik 19:00etara luzatuko dute

Ate irekien jardunaldia antolatu du DYA Bide Laguntza Elkarteak Azpeitian, datorren uztailaren 11rako, larunbaterako. Elkartearen jarduna gertutik ezagutu nahi duenak, Betharram ikastetxean izango du horretarako aukera, 10:00etatik 19:00etara bitartean.

DYAko boluntarioen lana ezagutzeko hainbat ekimen antolatu dute. Ibilgailuen erakusketa jarriko dute, erreskateko unitateak, motorrak eta abar erakusteko. Bestalde, bide segurtasuneko pista izango da Betharrametan. Gainera, haurrek bizikletarekin edo patinekin ondo gidatzen ikasteko zirkuitua izango da bertan.

Bihotz-biriketako Bizkortze (BBB) ikastaroan parte hartzeko aukera ere izango da DYAren ate irekien jardunaldietan. Ahoz-ahokoa eta bihotz-masajea nola egin behar diren azalduko dituzte. Stand bat ere jarriko dute tentsioa hartzeko eta bizitza osasuntsuari buruzko gomendioak emateko. Denda txikia, zozketak eta haurrentzat opariak ere izango dira. Gainera, 7 eta 10 urte bitarteko haurrak rokodromoan eskalatu eta tirolinan ibili ahal izango dira.

Bukatzeko, erreskate baten erakustaldia egingo dute, 18:00etan. Auto istripu baten kasuan zein erreskate teknika erabiltzen dituzten erakutsiko dute.