Osamen zentroa Baigerako eraikinera aldatuko dute

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 8a, 11:07
Lehen argazkian, Urola Ikastolan aldagelentzako-eta egin duten eraikina. Bigarren argazkian, Urola Ikastolako erdi estalitako kirol gunea. Hirugarren argazkian, Baigerako bigarren solairua; bertara aldatuko dute Osamen zentroa. Le

Udalbatzarrean aho batez erabaki dute egoitza aldatzea

Besteak beste, Urola Ikastolaren kirol gunea erabiltzeko hitzarmena ere onartu dute

Joan den asteko udalbatzarrean hainbat gai onartu zuten eta eragin zuzena izango dute zenbait zerbitzu publikotan. Buruko gaixotasunak dituztenen birgaitze eta asistentzia psikosozialerako Osamen eguneko zentroa Jesus eta Maria komentuko lokaletatik Baigerako eraikineko bigarren solairura aldatuko dute. Aldaketa bideratzeko hitzarmena aho batez onartu zuten Udaleko alderdi guztiek uztailaren 2ko udalbatzarrean. "Zentro hori kalera ekartzea da aldaketa horren arrazoia", esan du Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

Baigerako eraikinean lehen Bistaeder eguneko zentroa zegoen, baina hura tokiz aldatu zuten, Julian Elorzara. Ordutik, Baigerako bigarren solairua hutsik dago. Mendizabalen arabera, «udazkenean-edo» aldatuko dute lekuz Osamen zentroa. Zerbitzu hori eskualdeko 18 erabiltzaile inguruk jasotzen dute gaur egun. Batzordeburuaren esanetan, Azpeitiko Udalak lekua uzten dio Gipuzkoako Foru Aldundiari eta gainontzekoaz Aldundia arduratzen da.

Urola Ikastolarekin hitzarmena

Urola Ikastolarekin hitzarmena egitea ere aho batez onartu zuten. Hitzarmen hori Perdillegiko Urola Ikastolako erdi estalia den kirol guneari dagokiona da. "Ikastolak kirol gune hori herriari utziko dio hainbat erabilerarako, baina Urola Ikastolako dinamika errespetatu beharko da; alegia, Ikastolak lehentasuna izango du", azaldu du Ana Mendizabal zinegotziak.

Hitzarmenaren bidez Urola Ikastolak lagako duen kirol gunea eskolaz kanpoko kirol ekitaldietarako edota kirol elkarteen erabilerarako izango da.

Kirol gune horren erabilera zabaldu egingo da. Udalak, horretarako hainbat instalazio egin du kirol gune horretan eta ondoan: "Eraikin txiki bat egin da eta bertan aldagelak eta kirol lehiaketetako epaileentzako tokia eraiki dira. Bestetik, saskibaloirako saskiak eta futbolerako ateak jarri dira; denak tolesten eta jasotzen direnak".

Urola Ikastolako kirol guneko mantenuaz gauzak adosteko batzorde bat osatuko dutela azaldu du Mendizabalek.