Aranzadik indusketa lanak egingo ditu Munoaundin

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 7a, 14:07

2006an Burni Aroko herrixkan hasitako landa lanekin jarraituko dute 24 boluntarioen laguntzarekin

Abuztuaren 2tik 30era bitartean egingo dute kanpaina berria Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen eremuan.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Iraurgi Lantzenek antolatuta, Munoaundi Burni Aroko herri harresituaren indusketa arkeologikoa egingo dute aurtengo udan ere. Aurreko hiru urtetako lanarekin jarraituz, abuztuaren 2tik 30era bitartean egingo dute kanpaina berria Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen eremuan.

Aranzadi elkarteko kide eta indusketen buru den Sonia San Josek adierazi duenez, "proiektuaren helburu nagusia aztarnategia musealizatzea da, hau da, balorean jartzea etorkizunean bisitagarri izan dadin". Bi hamabostalditan banatuta egingo dute 2009ko kanpaina. Dagoeneko boluntarioen taldea osatuta dago.

Guztira 24 lagun ariko dira aurten Munoaundin lanean. Horietatik batzuk, Azkoitiko Munibe Arkoelogia Taldekoak eta Azpeitiko Antxieta Arkeologia Taldekoak izango dira. Urtero moduan, kanpotik datoztenak, Kukuherri aterpetxean hartuko dute ostatu kanpainak irauten duen bitartean.