Euskadiko Txapelketan podiumik gabe gelditu dira txirrindulariak

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 7a, 11:07
Zaldibia eta Madinabeitia, igandean Mendaron.

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko Lan Mobel taldeko txirrindulariek igandean izan zuten proba

Lan Mobeletik lasterketan aurrena Zaldibia izan zen

Igandean jubenil mailako txirrindularien Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Mendaron, II. Jabier Ezenarroren Oroimenezkoa lasterketaren baitan. Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko Lan Mobel taldeko txirrindulariek lan ona egin zuten, baina podiumik ez zuten lortu. Euskadiko Txapelketako txapela, Azetxe taldeko Apalategi txirrindulariak irabazi zuen, 02:13:28 denbora eginda. Lan Mobeletik lasterketan aurrena Zaldibia izan zen; zazpigarren bukatu zuen. Madinabeitiak, berriz, zortzigarren. Biak batera heldu ziren helmugara, irabazlearekiko minutu bat eta hamabost segundora. Domingezek, berriz, 18. bukatu zuen proba eta, Iriartek, 19.

Mendaro eta Deba artean izan zen 93 kilometroko lasterketa. Txirrindulariek ibilbidea batez beste 41,81 kilometro ordukon egin zuten. Euskal Herriko lurralde guztietako txirrindulariek hartu zuten parte; 149 txirrindularik irten zuten eta 88k bukatu zuten.

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko kadete mailako Corrugados taldeko txirrindulariek, bestalde, Amarozen jokatu zuten Patxi Rodriguez Oroimenezkoa lasterketa. 50 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten. Helmugara iristen aurrena Belca taldeko Jauregi txirrindularia izan zen. Corrugados taldeko Caballerok 17. eta Odriozolak 20. bukatu zuten txirrindularitzako proba.