Sanferminak hemen eta han

Uztarria.eus 2009ko uzt. 6a, 18:07

Udaleku irekietako haurrek bihar egingo dute entzierroa, 12:30ean hasita

Baigerak hilaren 10erako (ostirala) antolatu du Iruñeara txangoa. Erretiratuek bihar izango dute izena emateko azken eguna

San Fermin jaiak gaur eguerdian lehertu dira Iruñean, urteroko txupinazoarekin. Eta, urtero bezala, Nafarroako hiriburuko festa ezagunek izango dute oihartzuna Azpeitian ere. Hemen, herrian; eta han, Iruñean, ospatuko dituzte sanferminak azpeitiarrek.

Bihar, Azpeitian, udaleku irekietako umeek urteroko San Fermin festaz gozatuko dute. Betharramdarren jolaslekuan elkartuko dira talde guztiak 10:00etan, gero etorriko den entzierroa prestatzeko. Entzierroa, berriz, ordu erdiz atzeratu dute aurten eta, horrela, 12:30ean hasiko da. Suziria Sindikatu Zaharreko balkoitik bota eta Plaza Txikitik abiatuko dira korrikalariak, Alde Zaharreko kaleetan zehar, Frontoi Txikira iritsi arte. Han ospatuko dute festaren azken zatia.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten entzierroa bi saiotan egitea ere pentsatu dute, alde batetik txikienak eta bestetik koskortuagoak direla.

Erretiratuak Iruñeara

Azpeitiko erretiratuek, berriz, Iruñeara txangoa egiteko aukera izango dute aurten ere, Baigera elkartekoen eskutik. Ostiralerako, hilak 10, antolatu du Baigerak sanferminetarako aurtengo bisita.

Azpeititik 8:30ean abiatuko dira erretiratuak. Nahi duenak bidean egingo den geldialdian jateko otartekoa eraman dezake; edaria Baigerak jarriko du. Bazkaria Uslaer jatetxean egingo dute azpeitiarrek. Iruñean, goiz eta arratsaldez ibiliko dira, festaz gozatzeko. Bakoitzak bere erara libre ibiltzeko aukera izango du baina, hori bai, "ordutegiak errespetatzea" eskatu dute antolatzaileek. Norbaitek joan-etorriren bat bere kabuz egin nahi badu, autobus arduradunari jakinarazi beharko dio.

Iruñearako txartelak salgai dituzte oraindik Baigeran, 31 euroren truke. Hain zuzen ere bihar, uztailak 7, itxiko dute txartelak eskuratzeko epea.