Etxebeltzeko etxebizitzentzat saninazioen aurretik irtenbidea aztertzeko plenoa deituko duela agindu du alkateak

Uztarria.eus 2009ko uzt. 3a, 14:07

Etxejabeek lehenbailehen konponbiderako konpromisoa hartzea eskatu zuten atzo, Udalaren hileroko osoko bilkuran

Presoen eskubideen gaineko bi mozio onartu zituzten Plenoan, AAMrena eta EAJrena

Bi mozioen testuak osorik, albiste honetan

Azpeitiko Udalak uztaileko ohiko Plenoa egin zuen atzo eta, gai-zerrendan ez egon arren, Etxebeltz-Izarrako BOEn auzia mahai gainean azaldu zen, beste behin. Etxebeltzen babestutako etxebizitza egokitu zaien etxejabe talde batek hitza hartu zuen galdera eta erreguen txandan; joan den ekainaren 26an adostu zuten idatzian jasotako eskaerak plazaratu zituzten etxejabeek, alderdiei eskatuz auziari lehenbailehen eta behin betiko konponbidea emateko.

EAEko Auzitegi Nagusiak hirigintza plana baliogabetu ondoren, auziari aterabiderik ez zaio eman. Atzoko bilkuran ere, Udal Gobernuan dagoen EAJk alde batetik eta oposizioan dauden ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek, bestetik, azken hilabeteetan defendatu dituzten irtenbideak jarri zituzten mahai gainean: Etxebeltzeko plangintzaren testu bateratuan falta den azterketa ekonomiko-finantzieroa txertatzea, eta horrekin batera, nahi bada, Arau Ordezkatzaileak berrikustea, EAJk; Arau Ordezkatzaileak berriro garatzea, oposizioak.

Ordezkari politikoek adostasunik ez dutela lortzen ikusita, eta denbora aurrera dihoanez, auziaren konponbidea Plenora eramatea eskatu dute Etxebeltzeko kaltetuek. Eta, eskaera horren aurrean, Julian Eizmendi alkateak "saninazioak baino lehen" auziari irtenbidea emango dion bidea aztertzeko ezohiko plenoa deituko zuela agindu zuen.

Presoen eskubideez bi mozio

Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko bi mozio eztabaidatu eta biak onartu zituzten atzoko osoko bilkuran, Amnistiaren Aldeko Mugimenduarena (AAM) bata eta EAJrena bestea. Aurreneko mozioa ezker abertzaleko hautetsien, EAkoen eta Aralarrekoaren aldeko botoekin onartu zen; EAJk kontra bozkatu zuen. Bigarrena, berriz, EAJkoen, EAkoen eta Aralarren aldeko botoekin atera zen aurrera; kasu honetan, ezker abertzalekoek kontra bozkatu zuten.

AAMren mozioan, Berdura plazako balkoian Udalaren ikurra eta Euskal Presoak Euskal Herrira dioena bateratuko dituen panela jartzea eskatzen zaio Udalari. EAJko ordezkariek, ordea, eraikin publikoetan aldarrikapen politikoak islatzen dituzten ikurrak ez jartzekoak direla gogoratu zuten.

Hona hemen bi mozioen testuak, osorik:

AAMren mozioa

Zuk duzu giltza, Euskal Preso Politikoen eskubideen alde: sinatu!

Hamarkadatan zehar Euskal Herriaren eskubideen alde lan eta borroka egiteagatik, hainbat euskal herritarrek espainiar eta frantziar estatuengandik errepresio gogorra jasan dute, eskubide zibil eta politikoak guztiz urratzeraino.

Egun, hainbat euskal iheslari politikok ezin dute askatasunez bizi Euskal Herrian eta 750 euskal preso politikotik gora aurkitzen dira espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan sakabanaturik eta baldintza gogorretan. Hauen artean aurkitzen dira Azpeitiko iheslari eta preso politikoak: Etxarte, Maria Angeles, Pakea, Paterra, Gotzon, Jabi, Xegu, Txapi eta Iker. Bi estatuek mendekuan oinarritzen den espetxe-politika suntsitzailea daramate Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurka:

  • 10 euskal presok gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzte, eta askatasuna ukatzen zaie. Kalean egon behar lukete.
  • 24 euskal preso ez dituzte askatzen, espainiar estatuak ezarritako kondena beldurgarriak oso-osorik beteta ere. Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina aplikatu dietelako espetxe zigorrak hainbat urtez luzatuz. Kalean egon beharko lukete.
  • 170 euskal preso baldintzapeko askatasunean egon beharko lirateke, zigorraren 3/4ak edo 2/3ak bete dituztelako. Hauen artean Paterra azpeitiarra aurkitzen da, duela 4 urte pasatik zigorraren 3/4ak beteta dituela.
  • Jabik Frantziako estatuak ezarri zion zigorra 2008ko azaroan amaitu zuen, eta Txapik 2009ko martxoaren 31n. Espainiako estatuak euroagindua eskatu eta espainiaratu egin dituzte berriro zigortzeko asmoz. Euskal Herrian aske bizitzeko eskubidea onartzea exijitzen dugu. Entrega, euroagindu edota estradiziorik ez dugu onartzen.
  • 2008ko azaroan zigor kode berria onartu zuten, non zigorra oso-osorik beteta ere kalean beste 20 urtez neurri bereziak ezarriz kontrolpean edukiko dituzten. Zigor kode berri hori ez dugu onartzen, kondena bete duten presoek askatasun osoz bizitzeko eskubidea dute.

Presoen eskubideak urratzeaz gain, Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitu eta zigortu dute. Horrekin presoen eskubideen aldeko aldarrikapena isilarazi nahi izateaz gain, bizi osorako espetxe zigorrak, heriotza zigorra eta torturak legezko bihurtzen dituzte. Eskubide urraketa eta injustizia guzti horien aurrean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren lana behar-beharrezkoa dela deritzogu.

Euskal Herritarron aurkako erasoak etengabeak ari dira izaten azkenaldian: atxiloketak, inkomunikazioak, torturak, expetxe politika geroz eta suntsitzaileagoa... Eraso horiek, Euskal Herria salbuespen egoeran bizi dela islatzen dute.

Egoera larri honen aurrean, herritar denok bat egin behar dugu, indarrak metatzeko garaia da. Horregatik, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak mozio hau babestea eskatzen dizuete azpeitiar guztioi.

Azpeitiko Udalari eskatzen zaion eskaera zehatza, Berdura plaza gaineko balkoian ondorengo irudia (AZPEITIKO UDALA + EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA) izango duen panel bat jartzea. Panelaren neurriak: 4m x 1,20m.


EAJren mozioa

EAJren mozioa, presoen eskubideei buruz

Pakea eta normalizazio politikoa dira egungo momentuan Euskal Gizarteak bere erabateko garapena eta ongizatea eraikitzeko gainditu behar dituen erronkak. Hau da, euskal hiritarrok, identitate sentimentu ezberdinez osatzen dugun euskal gizarteak, bere borondatean oinarrituko den errekonozimentu politikoan, erabakitzeko eskubidearen aitortzan, eta elkarbizitzarako pakean eraiki nahi du bere etorkizuna.

Euskal presoen oinarrizko eskubideen urraketak, torturak, lege kanporaketak, adierazpen eskubideari erasoak, pertsona nahiz ondasunen aurkako biolentziazko jardunak, gure herriak hain beharrezko duen soluzioari oztopo egiten diote. Eskubide ororen zapalketari ezezkoa baitu oinarri soluzioak; ezezkoa, baita ere, bizitza, giza segurtasuna, adierazpen eskubidea, elkartze eskubidea e.a… zapaldu bide duen eraso orori; eta baiezkoa, aldi berean, eskubide horien guztien alde egiteari. Eta horrez gain, oinarri moduan behar du adostasun politikoaren bilaketara garamatzan ekimen oro, gure herriak bizi duen gatazka politikoari irteera ematea dela helburu, herriari demokratikoki berezkoa zaion erabakitze eskubide horren errespetuzko jokabideen bideetatik.

Udal honek bat egin nahi du, berriro ere, pertsona ororen giza eskubide guztien defentsarako konpromisoarekin, bizitzeko eskubidetik hasita, eta ezein biolentzia eta estorsio jarrerari uko egin.

Honengatik guztiagatik, eta euskal presoak jasaten ari diren bere oinarrizko eskubideen urraketen aurrean, Udalbatza hori proposatzen diogu Eusko Legebiltzarrak 2006ko urriaren 6an, euskal presoen eskubideen defentsarako konpromisoari buruz onartu zuena berretsi dezala, eta horren arabera:

  1. Presoek euren gizarte eta familia-ingurunetik gertuagoko kartzeletan egon behar dute.
  2. Espainiako espetxe erakundeei eskatu euskal preso guztien oinarrizko eskubideak errespeta ditzatela.
  3. Eritasun larriak jasaten dituzten presoei berehala 92. artikulua aplikatzea eskatzen da.
  4. Legearen aplikazio positiboa egin dezala, eta, hala, zigorraren parterik handiena betea duten eta legearen arabera baldintzapean aske egon daitezkeen presoak, askatuak izan daitezela.
  5. Espainiako Gobernuari eskatu ahalik eta lasterren eskualda diezazkiola EAEri espetxeei buruzko eskumenak.
  6. Aldarrikatzen du giza eskubide guztiak inolako salbuespenik gabe defendatzeko konpromisoa, baita herritar guztiak, preso daudenak ere bai, eskubideez eta askatasunez, politikan parte hartzeko eskubidea barne, baliatzea bermatu beharra ere.