Mila Sanz: "Ruandak guztia eman dit"

Uztarria.eus 2009ko eka. 30a, 14:06
Goizko argazkian, Mila Sanz. Behekoan, Sanzek lan egiten duen tokia, Kabuga.

Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat egiten du lan

Bihar (asteazkena), Ruandari buruzko hitzaldia emango du Baigeran

Ruandako egoera ezagutarazteko helburuarekin, Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Erakundearen aurkezpena egingo da bihar, asteazkena, 19:00etan, Baigeran. Ruandaren egoerari buruzko hitzaldia emango dute Joxe Mari Elosegi Behar Bidasoako kideak eta Mila Sanz Ruandan urtean daramatzan kolaboratzaileak. Uztailaren 8an bueltatuko da Mila Sanz Ruandara, "zoriontsua egiten duen lana egitera". Nafarrokoa da izatez, baina egunotan Azpeitian dabil, gure herrian familia du-eta.

Behar Bidasoa GKEaren aurkezpena egingo duzue bihar. Zer lan egiten du erakundeak?

Behar Bidasoa munduko hainbat lekuetan lan egiten duen erakundea da: Ruandan, Angolan, Kongon, Tanzanian eta Amerika hegoaldean jendeari laguntzen saiatzen da. Erakunde berezia dela esan daiteke, ez dagoelako liberaturik, guztiak kolaboratzaileak gara, doan egiten dugu lan. Hori gaur egun nahiko berezia da.

Zenbat urte daramazkizu Ruandan lana egiten?

Duela 43 urte joan nintzen lehenengoz Ruandara. Tarteka etorri izan naiz Euskal Herrira, baina beti izaten dut itzultzeko gogoa. Zazpi urte eman nituen hemen, nire ama zaindu behar nuelako. Hil zenean, lan polita eta erosoa nuen hemen baina Ruandara itzultzeko desioa nuen.

Zergatik hartu zenuen hara joateko erabakia?

Txikitatik argi nuen misiolaria izan nahi nuela. Nire ikasketak bukatu nituenean, Ruandara joateko aukera proposatu zidaten eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Argi nuen besteak lagundu nahi nituela.

Zein da zure lana? Nolakoa da egun arrunt bat Ruandan?

Nirea Behar Bidasoa eta Ruandako lan taldearen arteko zubi lana egitea da. Goizeko bostetan jaikitzen naiz. Goizean goiz mezara joaten gara eta zazpietan hasten gara lanean. Nik Kabugan egiten dut lan, Behar Bidasoak han dituelako proiektuak, baina Ruandako hiriburuan, Kigalin, bizi naiz. Era guztietako tailerrak ditugu eta hango gazteak gauza asko ikasten ari dira.

Zein da Ruandako egoera?

Egun, oso arriskutsua da Kabugan bizitzea guretzako. Apaiz euskaldun bat hil berri dute. Gobernuak ez du ondo ikusten pobreei laguntzea. Errepresio asko dago. Baina arriskua ahaztu eta gure lanarekin jarraitu behar dugu.

Noiz arte ibiliko zara han?

Ni zoriontsua naiz han, pobreek ematen didate bizitzeko behar dudan indarra. Hango bizimodua oso gogorra da, baina hala ere ez dute alaitasuna galtzen. Ruandak guztia eman dit. Nik beraiei emandakoa baino askoz gehiago da eman didatena. Nire osasun baldintzek utzi arte jarraituko dut lanean Ruandan.