Joxe Mari Larrañaga: "Mugimenduak maila guztietan izango dira, goian eta behean"

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 26a, 21:06
Joxe Mari Larrañaga Lagun Onak Futbol Elkarteko presidentea.

Lagun Onak Futbol Elkarteko presidenteak dio balitekeela Zulaika entrenatzaileak beste talde batera joan nahi izatea

Uztailaren erdialderako oinarrizko egitura prest izateko datorren denboraldia antolatzen hastear da kluba

Oraindik ondo gogoan dute Lagun Onak-ekoek Torrelavegaren kontra jokatutako partida. Garmendipeko futbol zelaiko ate baten ondoan jarri argazkiak ateratzeko, eta Torrelavegaren aurkako partida gogoratu du Lagun Onak Futbol Elkarteko presidente Joxe Mari Larrañagak (Azpeitia, Loiola, 1960). Bereziki azken minutuetako Lagun Onaken kontrako penaltia dakar gogora: "Penalti hura... Gainera, La Nuciaren aurkako partidan epailea ere kantabriarra egokitu zitzaigun, nongoa eta Torrelavegakoa hura ere". Lagun Onak futbol klubeko kideek eta jokalariek ostiral honetan izango dute denboraldi bukaerako afaria Kiruri jatetxean; 20:00etan dute jarrita hitzordua.

Denboraldiaren bukaera gazi-gozoa izan da, ezta?

Ezetz esango nuke. Gauzak hotz-hotzean aztertu behar dira, eta denboraldia borobila izan dela esango nuke. Azkenenengo unera arte gozokia eskuartean izan dugu, eta eskuetatik alde egin digu. Hala ere, guztia ez da geure esku egon. Guk gure aldetik dena jarri dugu; Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko aukera azkenengo unera arte eskuartean izan dugu; eta kontrolatzen ez ditugun kontu batzugatik alde egin digu aukerak. Une horretan pena sentitzen da, baina egiten dugun balorazio orokorra oso ona da.

Bukatu berri den denboraldian gizonezkoen lehen taldeak pauso bat aurrera eman du, Bigarren B Mailarako igoera jokatuta.

Hala da, bai. Aitor Zulaikak berak hala esan zuen: azkenengo zazpi denboraldietan igoera fasea jokatzear egon gara, eta denboraldi honetan lortu egin dugu. Hurrengo denboraldian ikusi egin behar horretarako aukerarik dagoen...

Jende askoren ahotan ibili da, Bigarren B Mailara igotzea lortuz gero, eta krisi garaian, ekonomikoki Lagun Onakek horri aurre egiteko aukerarik edukiko ote lukeen... Ez duzue lortu, baina bestela hori aurreikusita al zuen Lagun Onakek?

Gauza bat garbia da: kirolean zerbait irabaziz gero, atzera egiterik ez dago, ez bada behintzat arazo ekonomikoa zeharo larria delako. Mailaz igota, aurrekontua asko igoko zela aurreikusten genuen, baina denboraldi batean proba moduan aritzean ez genuen arazo handirik ikusten. Noski, aurrekontu justuarekin ibiltzen gara beti, zertxobait sobratzen zaigun arren. Alde ekonomikoak ez gintuen askorik kezkatzen, sarrerak ere handiagoak aurreikusten genituelako: partidetako sarrerak, diru laguntzak, kinieletatik lortutakoa... Moldatzeko modua ikusten ginen, hori bai, zorakeriarik egin gabe! Igoera fasea jokatzeko, Kataluniatik futboleko jokalarien ordezkari batek hogei jokalariren zerrenda bidali zigun. Hala ere, gure asmoa herriko eta inguruko jokalariekin moldatzea zen, kanpotik asko ordainduta inor ekarri gabe.

Igoera faseko partidetan Garmendipen izandako sarrerak ederki etorriko zitzaizkion Lagun Onaki, ezta?

Igoera fasean izan ditugun diru sarrerekin denboraldia borobildu egingo dugu. Oraindik erakundeetatik eta Realetik dirua kobratzeko gaude, eta orain lortu ditugun sarrerekin denboraldiko gastuei aurre egingo diegu. Oso ondo etorri dira, horiek eduki izan ez bagenitu arazo gehiago izango genukeen orain.

Azken partidetan Garmendipe jendez bete da, baina denboraldian zehar ez da halakorik gertatzen. Irailean denboraldia hasterako giroa hoztu egingo al da?

Bai, baina jendea berehala berotuko dugu berriro. Hirugarren mailan txapeldun bukatu dugunez, Espainiako Kopako kanporaketa jokatzeko aukera dugu. Lehenengo partida Garmendipen jokatuko dugu, abuztuaren bukaera aldera. Ea horrela, denboraldia hasi aurretik, berriro ere zaletuen artean giroa pizten dugun.

Bukatu da denboraldia eta lehen taldeko jendeak ondo jokatu du; beste taldeen eskaintzak ere izango dituzte jokalariek-eta, ezta?

Noski izango dituztela, eta mugimenduak egotea espero dugu. Baina Lagun Onakek argi du zein den bere politika, eta hori herriko jokalariek ere argi dutela uste dut. Herriko jokalari batek futbolean aurrera egin nahi badu, guk ez diogu oztoporik jarriko, baina saiatuko gara dihoan talde horrekin akordio batetara iristen. Lagun Onakek onurak izateko baldintza batzuk jarriko ditugu, baina inola ere ez diogu moztuko bidea. Maila berean jokatuko duen talde batetara joateko, berriz, beste taldearekin ahal den guztia negoziatuko dugu jokalaria eraman ez dezan. Ez da berdina aurrera egitea nahi duen jokalari bati erraztasunak ematea, edota maila berean jokatzeko beste talde batetara joaten uztea. Diruagatik taldez aldatu nahi izatea ulertzen dut, eta diruagatik badoa joan dadila; baina, kasu horretan, Lagun Onakek bere interesak defendatuko ditu azkenera arte. Diru kontuetan zenbait talderekin ezin dugu lehiatu, eta jokalariaren erabakiaren gain geldituko litzateke. Esaterako, Bizkaiko taldeek gure aldean diru asko mugitzen dute.

Mementoz eskaintzarik izan al dute Lagun Onakeko jokalariek?

Badakigu jokalari batzuk tentatu dituztela, baina oraindik ez dakigu ezer zehatzik. Mugimenduak izango direla, ordea, seguru!

Aitor Zulaika entrenatzaileak segituko al du lehen taldea entrenatzen?

Mementoz badakit ez duela beste taldeen eskaintzarik. Aitor oso profesional eta tekniko ona da. Bere asmoak argitu behar ditu, eta guk ez diogu presiorik egingo. Guk gurekin jarrai dezan nahi dugu, baina baliteke berak beste erabakiren bat hartzea. Memento honetan ez aurrera ez atzera gaude, baina pentsatzen dut aurki erabakiko dugula guztia. Gurekin segiko duela uste dut. Jokalariekin bezalaxe, ordea, futbol mailan aurrera egiteko aukera etortzen bazaio eta aurrera egitea aukeratuko balu, eskerrak eman, zoriondu eta zorte ona opako genioke.

Orain zein da Lagun Onakeko zuzendaritzakoon lana?

Orain datorren denboraldirako taldeak finkatu behar ditugu: teknikoak, jokalariak... Gero beste taldeak moldatzen hasi beharko dugu, eta uste dut aurtengo honetan mugimenduak maila guztietan izango direla: goian eta behean, denean.

Beheko mailetako taldeetan ere mugimenduak espero dituzue orduan, ezta?

Bai, bai, hemendik jokalariak eraman nahi dituztenaren zurrumurruak badabiltza. Oraindik inor ez da gurekin hitz egitera etorri, baina ikusiko dugu. Uztailean mugimendu asko izango dela uste dugu. Hala ere, oinarria geldituko zaigula uste dut. Santiotarako lehen taldeak martxan egon beharra dauka, eta ordurako parte handiena finkatzen baldin badugu, gustura. Ondoren, lasaiago eramango ditugu gainontzekoak.

Klubetik jokalariak beste taldeetara joatea pena da, baina bestetik pozgarria ere bada elkarte batetik jokalari onak ateratzea, ezta?

Lagun Onak azken zazpi-zortzi urteotan herriko jendeari aukera eman nahian aritu da lanean, eta bere fruituak lortzen ari da. Atzetik badatoz jokalariak, eta horiek tokia eskatzen dute.

Aurten Futbol Eskola jarri duzue martxan; nola baloratzen duzue?

Egin dugun balorazioa ona da, haurrak gustura ibili dira. Hala ere, gauza batzuk hobeto egin behar ditugu, eta datorren denboraldira begira horiek zuzentzen saiatuko gara. Beste asmo bat ere badugu datorren denboraldira begira; alebin mailako deialdira haur asko etortzen da, baina 18-20 bakarrik hartzen ditugu. Gainontzekoei ere aukera eman nahi diegu eta Ikasberrirekin hizketan ari gara beste talde bat ateratzeko modua egiteko, inor bazterrean ez uzteko. Nesken beheko mailetan talde bat sortzeko asmoa ere badugu, behetik gorako eskailera osatzeko; neskak ere badatoz-eta behetik.

Azpeititik Arantzazura oinez

Lagun Onak Futbol Elkarteko zuzendaritzako kideek eta gizonezkoen lehen taldeko tekniko batzuk promes bat egin zuten: Espainiako Hirugarren Mailako txapeldunak izaten baziren Azpeititik Arantzazura oinez joango zirela. Joan den larunbatean bete zuten agindutakoa. Azpeititik Arantzazurako bidea egin zuten oinez, zortzi ordutan. "Ederki pasatu genuen", dio futbol klubeko presidente Joxe Mari Larrañagak. Lehen taldeko Aitor Zulaika entrenatzailea ere joatekoa zen, baina gaixotu eta ezin izan zuen agindutakoa bete.