Damaso auzoan festak ospatuko dituzte larunbatean

Uztarria.eus 2009ko eka. 26a, 13:06
Goizeko hamaiketan botako dute txupinazoa. Argazkian, iazko festak.

Goizeko hamaiketan emango diote jaiari hasiera

Gauean afaria egingo dute auzoko plazan

Bihar auzoko festak ospatuko dituzte Damaso Azkueko bizilagunek. 11:00etan emango diote jaiari hasiera, txupinazoa botata. Gero, egun osoan zehar izango dira ekimenak adin eta era askotako jendearentzat.

Goizean kirola izango da nagusi auzoan. Suziria bota eta ordu eta erdira bizikleta proba hasiko dute eta 12:00etan, berriz, Txikien V. Lasterketa abiatuko da. Ordu erdi geroago hasiko da handien lasterketa. 12:45ean banatuko dituzte bi lasterketetako sariak eta ondoren, 13:00etan, poteoa egingo dute.

Pintura lehiaketak emango dio segida festari arratsaldean. 16:00etan egingo dute eta ordu erdi geroago, berriz, merienda izango da. Ondoren, 17:00etan jolasak egingo dituzte gazteenek. 18:30ean buruhandiak izango dira eta 19:00etan, berriz, triki poteoa antolatu dute. 21:30ean afaria egingo dute auzoko plazan eta ondoren musika izango dute.