Aktore berriak jendaurrera

Urola Kostako Hitza | Kultura
2009ko eka. 26a, 09:06

Interpretazio tailerrean ibilitako hiru lagunek Hiru Mutur lana taularatuko dute gaur (ostirala), 20:30ean, Betharramen

Ander Alberdi, Alex Arzellus eta Iñigo Antsorregi igoko dira oholtzara

Gaur (ostirala), 20:30ean, Betharrametan 'Hiru Mutur' antzezlana egingo duten aktoreak.  Argazki originala

Azpeitiko antzerki tailerreko ikasleek Hiru mutur antzezlana prestatu dute gaurko, ostirala. Urte osoan ikasitakoa antzezlan bakarrean bildu eta Betharrametan aurkeztuko dute, 20:30ean.

Interpretazio tailerreko hiru ikasle igoko dira oholtza gainera gaur arratsaldeko emankizunean: Ander Alberdi, Alex Arzellus eta Iñigo Antsorregi. Udalak antolatutako interpretazio klaseetan ibili dira, Inazio Tolosa zumaiar irakaslearekin. Astero, Sindikatu Zaharreko ganbaran ordu eta erdiz beste mundu eta pertsonaietan murgildu dira, antzerkiko oinarri batzuk ikasiz. Tolosaren arabera, "klaseetan nahiko erritmo polita eraman dugu eta hainbat gauza ikusi dugu. Kurtso batek ez du ematen gauza gehiegi egiteko, baina antzerkia eta interpretazioa zer diren eta norberak nola landu behar dituen ezagutzeko balio du".

Tailerreko zuzendaria gustura gelditu da ikastaroaren emaitzarekin: "Ondo pasatu dugu, harreman ona sortu da gure artean eta horregatik ausartu gara antzezlana egitera". Ikasleak ere gustura gelditu dira antzerki tailerrean egin dutenarekin, hala dio Alex Arzellusek: "Orain arte ikastolan ibili gara antzerkian, baina jolas moduan, ez zen ezer serioa. Interpretazio tailerrean, berriz, gauza asko ikasi dugu". Iñigo Antsorregik ere ikastaroaz balorazio positiboa egiten du: "Lehenengo aldiz egin dut antzerkia, eta gauza asko ikasi dut bertan".

Parodia, tragedia eta komedia

Gaur estreinatuko duten Hiru mutur antzezlanean parodia, tragedia eta komedia uztartu dituzte. Tolosak dioenez, "hasieran hiru bakarrizketarekin osatutako saioa egin behar genuen; baina, azkenean, bakarrizketak lotzen joan gara. Pieza bakar bat denik ezin esan daitekeen arren, puzle txiki bat da antzezlana".

Bi urte egin ditu interpretazio eskolak, baina aurten, bukaerarako ikasle gutxi ibili da; datorren ikasturtean antolatuko ez duten beldur dira. "Gure asmoa antzerki eskola moduko bat sortzea zen Azpeitian, eta urtero ikastaroa egitea. Baina, aurten jende gutxi gelditu gara azkenerako, eta ez dakit berriro egingo den", dio Tolosak. Antzerki eskolan ibili direnek ikastaroak jarraitzea nahi dute, "guk geuk errepikatu nahi dugu, eta jendea animatu nahi dugu antzerki ikastaroan parte hartzera. Udalari datorren urtean ere ikastaroa antolatzeko eskatzen diogu". Baina, Tolosaren iritziz berriro ikastaroa antolatzeko ardura ez dago Udalaren esku bakarrik: "Denon esku dago. Badirudi Azpeitian jendeari kostatu egiten zaiola horrelako tailerretan parte hartzea".

Interpretazio tailerrak jarraituko balu "formazio egokiagoa" emateko aukera egongo litzateke, "oinarriak ikasteko bi edo hiru urte behintzat behar direlako".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu