Erietxean dago saihetsean labankada sartu dioten mutil gaztea

Uztarria.eus 2009ko eka. 22a, 11:06

Igande goizean izan zen erasoa, Erdi kalean

Ustezko erasotzailea 25 urteko mutil bat da, eta Ertzaintzak atxilotu egin du

Atzo (igandea) goizean 25 urteko mutil batek 21eko beste bati labankada sartu zion ezkerreko saihetsean, Erdi kalean, eta hau Zumarragako erietxean dago. Medikuen arabera, zauri larria du.

Gertaera goizeko ordubata laurden gutxian izan zen. Erdi kalean liskar bat sortu zen hainbat gazteren artean. Bertatik pasatu zen beste bat gatazkan bitartekotza egiten saiatu zen eta, egoera lasaitzen ari zela zirudienean, gazteetako batek labana atera eta eraso egin zion, ertzainen arabera. "Erasotzaileak beste pertsonak mehatxatzen jarraitu zuen eta, ondoren, gatazkan parte hartu zuen beste gazte batekin ihes egin zuen".

Ertzaintza eta Udaltzaingoa, gertakariaren berri izan ostean, erasotzailearen bila hasi ziren eta minutu gutxi barru inguruetan aurkitu eta atzeman zuten. Beste gazte bat ere atxilotu zuten, erasoan parte hartzea egotzita; beste erasotzailearen ondoan zegoen, eta lesio falta bat leporatu zioten, beste gazte bati ukabilkada emateagatik.

Bi atxilotuak Azkoitiko Ertzainetxera eraman zituzten, polizia eginbideak amaitu ostean, Azpeitiko Epaitegian epailearen esku jartzeko.