Abian dauden parke eolikoen izapideak gelditzeko eskatu du Legebiltzarrak

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 19a, 18:06

Bertan behera geldituzko liratekeen proiektuen artean dago Gazumeko parke eolikoarena

Legez besteko proposamen hori ez da, berez, loteslea; baina, aho batez onartu denez aparteko garrantzia hartu du

Euskadiko Plan Eolikoaren eztabaidak kapitulu berri bat hasi du aste honetan. Atzo Eusko Legebiltzarrak aho-batez eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Euskal Autonomia Erkidegoan abian dauden parke eoliko guztien izapide administratiboak behin behinean gelditzeko. Horien artean legoke Asteasu, Errezil eta Azpeitiko lurretan proiektatzen den Gazumeko zentral eolikoa eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak akordioa gauzatzeko jarrera hartzen badu, bertan behera geldituko litzateke, mementuz, Gazumeko parke eolikoaren proiektua.

Gazumekoaz gain, beste hamabost parke eolikoren izapideak geldiaraziko lirateke, horietako zortzi Arabakoak eta beste sei Bizkaikoak.

Eusko Jaurlaritzak duela bi urte gelditu zuen parke eoliko bat, Orduntekoa, baina aurrera jarraitu zuen beste proiektu batzuekin. Proiektu hauek, Gazumekoa barne, erantzun gogorra jaso dute gizartearen eta gainerako zenbait erakunderen aldetik. Eusko Legebiltzarrak egin bezala, Bizkaiko eta Arabako batzar nagusiek ere eskatua diote Eusko Jaurlaritzari bertan behera utz dezala Energia Eolikoaren Lurraldeko Sektore Plana. Gipuzkoako Batzar nagusiek, beren aldetik, herrialdean dagoen Gazumeko parkea geldiarazteko eskatu zuten. Gainera, gogoan izan behar da, Gazumeko parke eolikoaren inguruan SEO/BirdLife-ek, Eguzki talde ekologistak eta Club Vasco de Camping-ek Gipuzkoako hainbat mendi elkarteren laguntzaz egin zuten sinadura bilketa eta Gazumeko zentralaren aurka aurkeztu ziren ehundaka helegiteak.

Bigarren Sektore Plana

Legebiltzarrean bat egin dute talde guztiek Aralarrek aurkeztutako legez besteko proposamenarekin eta, urtea amaitu aurretik, Lurraldeko Bigarren Sektore Plana egin dezan eskatu diote Jaurlaritzari. Legez besteko proposamen hori ez da, berez, loteslea, baina, aho batez onartu denez aparteko garrantzia hartu du.

Gobernua aldatu zenetik, Eusko Jaurlaritzak ez du adierazpenik egin parke eolikoen inguruan. Gobernuak, dena den, akordiorako borondatea erakutsi du; PSE-EEko legebiltzarkide Oscar Rodriguez Vaz-ek aurreratu du Jaurlaritzak legebiltzarkideek adostutako erabakia 2bere gain hartzeko ausardia" izango duela. "Akordioa gauzatzeko jarrera ona erakutsi du Eusko Jaurlaritzak".

Hitzarmenaren arabera, Legebiltzarrak izapideak geldiarazita "erakundeen artean eta gizartean abian dauden planei buruzko adostasuna" lortu nahi du. Era berean, adostasun hori nahi luke baita "gaur egun tramitazioan dauden parke eolikoen ingurugiro inpaktua ebaluatzeko" araudian ere.

Lurraldeko Bigarren Sektore Plan horrek barne hartu beharko ditu, legebiltzarkideen eskaeraren arabera, "azken urteotan garatutako ingurugiro eta teknologia berrikuntzak, Erkidegoko ondare naturala eta paisajistikoa bermatzeko". Horrez gain, plan berriak beste energia berriztaileen garapena kontuan izan beharko du. Izan ere, "zeresan handia izango dute Gobernuak 2010ean berrikusi behar duen euskal energia estrategian". Talde guztiek nabarmendu dute energia berriztagarrien eta ez-kutsatzaileen garapenaren garrantzia. Era berean, EAEk gaur egun duen %95eko energia menpekotasuna murrizteak duen garrantzia azpimarratu dute. "Ez da bakarrik legedia aintzat hartu behar, baizik eta Natura 2000 Sareko guneei kalte egin diezaiekeen egitasmoen balorazio berezia", adierazi du Aralarreko legebiltzarkide Daniel Maestrok. Gazume Natura 2000 Sarean dago.

Ekologistentzat pozgarria

Albistea gustura hartu dute parke eoliko hauen aurka dauden talde ekologistek. Eguzki talde ekologistak, esaterako, prentsa ohar batean adierazi du "pozarren" dagoela Legebiltzarrak hartutako erabakiarekin. "Gustura gaude Legebiltzarrak, azkenean, aintzat hartu dituelako talde honek proiektuak geldiarazteko eta LSP eolikoaren berrikuspenaren inguruan egindako eskariak". Bide batez, "aurrean duen benetako lanari ekiteko kemena" eskatu dio, "Lurralde Antolaketako Araudiaren berrikuspena eta Energiaren LSP egoki bat idaztea". Prozesu hau guztia "eztabaida ireki batean oinarrituta" egin behar dela adierazi du, "gizarte modernoen garapenaren muina den energiaren gainean, gizartean ahalik eta adostasun zabalena lortzeko".

Errezilgo alkate IƱaki Oiartzabal ere "oso gustura" agertu da erabakiaren aurrean. "Guk geure aldetik ere aurkeztu genituen Gazumeko parke eolikoaren aurkako helegiteak eta orain horren erantzunaren zain gaude", dio.