Makil guztien zahagia

Ana Mendizabal (Udaleko Euskara batzordeburua) 2009ko eka. 18a, 14:06
  1. - Harrigarria da, eta inola ere ez da onargarria, sekula Euskararen Mahaira azaldu ez diren pertsona batzuk herriaren eta komunikabideen aurrean agertzea Euskararen Mahaiko kide direla esanez. Sekula Euskararen Mahaian parte hartu ez duten pertsona batzuk "herritarren parte hartzea sustatzeko" eskaria egitea Kafkaren liburuetatik ateratako pasartea dirudi. Hiruko gobernua indarrean egon den garaian ez zen jende gehiago etortzen bileretara. Are gehiago, noiz edo noiz bilera suspenditu beharra ere egon zen, jenderik ez zegoelako.
  2. - Azken 10 urteotan Azpeitian pauso asko eta handiak eman dira euskarak aurrera egin dezan. Egindakoa begi bistakoa da eta lortutako emaitzak ukaezinak dira. Atzerapausorik izan ez denean, kanpoko erakundeek Euskal Herriko udalen artean hizkuntza politikarik egokiena Azpeitian egiten ari garela aitortu digutenean, zertara dator esatea "ez dugu atzerapausorik onartuko". Horrelako baieztapenek helburu bakarra daukate: udal-gobernua herritarren aurrean susmopean jartzea.
  3. - Azpeitiko enpresetan euskara sustatzeko planteamendua inolako azalpenik eman gabe aldatzea leporatu diote udal-gobernu honi eta hori gezurra da. Azalpen zabal-sakonak eman ziren martxoan egin zen Euskararen Mahaian (aktan jasota daude) eta han inork ez zuen txintik atera, han ez zuen inork eragozpenik azaldu. Ondoren, apirileko Azpeitian Zer? aldizkarian herritarrak jarri ziren jakinaren gainean eta, azkenik, maiatzeko Euskararen Mahaian martxoan emandako azalpenak zehaztu ziren eta Udaleko Euskara Batzordean aho batez onartu zen 2009ko lan-egutegia. Gardentasun handiagorik ba ote da?
  4. - 2009an kanpoko zerbitzu enpresa bat kontratatu beharrean (2008an hala zegoen), langile bat hartu dugu Euskara Patronatuan herriko enpresetan euskara normalizatzeko ELEGUNE egitasmoa aurrera eramateko. Azpeitiko enpresetan euskara normalizatzeko egin dugun planteamendu horrekin Azpeitiko herriari 85.000 euro aurreztu dizkiogu eta Azpeitiko enpresek ez dute dirurik ordaindu beharrik izango. Gainera, iazko enpresez gain, beste 12 enpresa gehiagori emango zaie zerbitzua aurten Euskara Patronatutik. Planteamendu honetan non dago atzerapausoa? Udalak ipintzen duen dirua enpresen planean ez da "gastatu" egiten, "inbertitu" baizik, Udalak beste esparru batzuetan egiten duen moduan. Hau da, kultur, kirol, hezkuntza, merkataritza-elkarte... arloko taldeei subentzioak ematen bazaizkie, enpresekin egiten dugunari ere betaurreko berekin begiratu diezaiogun. Merkatari, tabernari, lanbide liberalei... materiala eta baliabideak doan ematea ondo dago. Enpresei zergatik ez? Guk ere ez dugu onartuko atzerapauso gehiagorik euskara enpresa munduan sartzeko egitasmoan.

Oraingoan ere, prentsaren aurrean eta herriaren aurrean azaldu diren pertsona horiei berdin-berdin zitzaien egindako planteamenduak egokiak edo ez hain egokiak ote diren, izan ere, oraingoan ere sakon-sakonean helburu bakarra baitzegoen: udal-gobernua makil guztien zahagi bihurtzea.