Urrestillako herri kroserako izena aurrez emateko aukera jarri dute aurten

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 18a, 12:06

Larunbatean da sanjoanetako herri krosa; lehen lasterketa 17:15ean hasiko da eta kadeteetatik gorakoena, 18:00etan

Urrestillako San Joan jaiak asteartean hasiko dira

Urrestillako San Joan jaiei aurrea hartuko dio herri krosak aurten ere. Larunbat arratsaldean izango da; benjaminen lasterketa 17:15ean hasiko da, eta kadeteetatik aurrerako mailetakoena, 18:00etan. Lasterketan parte hartu nahi dutenek aurretik izena emateko aukera jarri dute aurten lehenengo aldiz, www.herrikrossa.com webgunean. Jendeak izena aurrez ematea nahi dute antolatzaileek: "Asko egunean bertan azkenengo unean etortzen da izena ematera eta nahiko lan izaten dugu orduan". Horregatik, aurretik izena emanda lasterketan doan parte hartzeko aukera izango dute korrikalariek. Dena den, egunean bertan ere lasterketarako izena emateko aukera jarriko dute aurten ere. Kasu horretan, ordea, 5 euro ordaindu beharko dituzte. Izena egunean bertan eman behar dutenek "ordubete aurretik" Urrestillako plazara hurbiltzea eskatu du Urrestillako krosaren antolatzaileetako bat den Xanti Azurmendik, "denak azkenengo mementoan etortzen badira, nahikoa saltsa izaten dugu-eta".

Urrestillako krosa egiten den egunean "beroa" egin izan du behin baino gehiagotan: "Ospe hori hartua du lasterketak, baina astebururako freskatuko duenaren susmoa dugu". Gainontzean, ibilbidea patxadaz korrituta "erraza" egiteko moduko proba dela diote antolatzaileek: "Pare bat aldapatxo baditu ibilbideak, baina 9 kilometrora ere ez da iristen. Neurrian hartuz gero erraz eta ondo egiteko modukoa da". Aurreneko postuetako "hamar bat" korrikalari kenduta, lasterketa herrikoia da Urrestillakoa.

Sariak eta zozketak

Maila guztietako parte-hartzaileen artean hainbat sari banatuko dute. Gaztetxoen artean kirol dendetako erosketa txartelak zozkatuko dituzte, eta helduen artean, berriz, gazta, urdaiazpikoak eta abarrak. Beheko mailetako haur guztiek, berriz, dominak eta oroigarriak jasoko dituzte.

Urrestillako VIII. San juan herri krosa

Lasterketak

17:15. Benjaminak, 550 metro.

17:30. Alebinak, 950 metro.

17:45. Infantilak, 1.190 metro.

18:00. Kadeteak, 2.300 metro.

18:00. Jubenilak, 4.500 metro.

18:00. Seniorrak, 8.850 metro.

18:00. Beteranoak, 8.850 metro.

Izena emateko

Aurrez. www.herrikrossa.com webgunean eman daiteke izena. Aurrez izena ematea doan da.

Larunbatean, egunean bertan. Lasterketa hasi aurretik izena emateko aukera egongo da Urrestillako plazan bertan. Parte hartu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Sariak

Oroigarria. Maila guztietako lehen hiru lasterkariek trofeoa jasoko dute.

Domina eta oroigarria. Lasterketetan parte hartzen duten haur guztiek domina eta oroigarria jasoko dituzte. Gainera, gaztetxoen artean kirol materiala zozkatuko dute.

Helduentzat, diru sariak. Lasterketako aurreneko sei gizonezkoek eta emakumezkoek ondorengo diru sariak jasoko dituzte:

  • Lehen sailkatuak: 120 euro.
  • 2. sailkatuak: 90 euro.
  • 3. sailkatuak: 60 euro.
  • 4. sailkatuak: 30 euro.
  • 5. sailkatuak: 30 euro.
  • 6. sailkatuak: 30 euro.