Alkateak erabaki guztiak bere eskumenen arabera hartu dituela dio EAJk

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 15a, 20:06

EAri eta Aralarri Udal Gobernu Batzordean parte hartzeko eskaintza egin zietela azaldu dute jeltzaleek

Liberazioen kontuan "Azpeitian gertatu dena ez da beste inon gertatu", diote EAJkoek

Alkateak dekretuz erabakiak hartuta ez duela inolako gehiegikeriarik egin dio EAJk. Horretarako, legez alkateak bereak dituen funtzioen eta eskumenen arabera jokatu duela diote. Joan den asteburuan ezker abertzaleko zinegotziek egindako adierazpenei erantzunez egin dute gaur (astelehena) agerraldia jeltzaleek. "Udalaren funtzionamendua antidemokratikoa, dekretu bidezkoa, dela diote ezker abertzalekoek. Alkateak bere eskumenen arabera hartu ditu bere erabaki guztiak, inolako mugarik gainditu gabe".

Julian Eizmendi alkateak dioenez, alkateak bereak dituen eskumen eta funtzio batzuk ditu, legeak emanak, "horien artean daude lizentziak, dekretu forma erabiliz gauzatzen direnak". Ezker abertzalekoei galdetu diete ea "alkateak bereak dituen eskumenak" ere kendu nahi al dituzten.

Hiru koloreko Udal Gobernu Batzordea nahi

Udal Gobernu Batzordea EAJk bakarrik osatzen duela onartu dute jeltzaleek, baina hori horrela euren boronbatez ez dela diote. "EAri eta Aralarri eskaini genien Udal Gobernu Batzordean parte hartzea". Gobernu Batzordea "kolore bakarrekoa" izan beharrean "hiru kolorekoa" izatea nahiko luketela azaldu dute EAJkoek. Ezker abertzaleko udal ordezkariei ez diete eskaini batzordean parte hartzea, "indarkeriaren aurrean behar bezalako erantzunik eman ez zutelako".

Hilaren 4ko udalbatzarrean 2009ko udal aurrekontuak onartu zituen Udalak, oposiziokoen (ezker abertzaleko hautetsien, EAkoen eta Aralarrekoaren) botoekin. EAJren arabera, "adostasunik gabeko puntu bakarrarekin" onartu zituzten udal aurrekontuak, eta "oposizioaren bederatzi botorekin diru kopururik gabe utzi ziren liberatuak". Hori dela-eta, gaur egun Azpeitiko Udalean alkatea liberatuta ez dagoela kritikatu du EAJk: "Aurreko Udal Gobernu taldeak lau liberatu zituen -hiru lanaldi osokoak eta bat zatikakoa-. Orain inor ere ez dago liberatuta, ezta alkatea ere".

"Negoziatzeko borondatea"

Julian Eizmendi alkateak azaldu duenez, alkatetza hartu zuenetik liberatuta egon den bakarra bera izan da, "2007ko uztailaren 7an Udalbatzak liberazioei dagokionez hartu zuen erabakiaren arabera". Eizmendik dioenez, dekretuz beste bi pertsona liberatzeko ahalmena bazuen, "2007ko uztailean Udalbatzak hartutako erabakia indarrean dagoelako". Baina beste bi pertsona ez zituen liberatu beste alderdietako ordezkariekin "negoziatu" nahi zuelako: "Gainerako bi liberazioak negoziatzeko borondatea egon da, eta egoten jarraitzen du".

EAJkoen ustez, liberatuen inguruan "errespetatu beharreko gutxieneko batzuk daude". Horren adibide Eudelek dioena jartzen dute, "bi mila biztanletik gorako herrietan alkateak liberatuta egon beharko luke, herri osoarentzat egiten den zerbitzua baita". Azpeitiak ia 14.200 biztanle ditu.

"Azpeitian gertatu dena ez da beste inon gertatu", dio EAJk. Adibide bezala, besteak beste, Zestoako kasua jarri dute: "Zestoan ezker abertzaleak gutxiengoan gobernatzen du, eta inori ez zaio bururatu alkatearen ordainsariak kentzea. Eta ezta ezker abertzaleak gutxiengoan gobernatzen duen beste inon ere: Antzuolan, Arrasaten, Bergaran, Hernanin, Pasaian edo Zumaian, esaterako. Herri horietan gehiengoa duen oposizioari ez zaio bururatu liberatuen ordainsariak kentzea". Udala liberaturik gabe utzita zer lortu nahi duen galdetu die EAJk oposiziokoei: "Zer lortu nahi da, ahalik eta oztoporik gehiena jartzea gure kudeaketa lana ahalik eta okerrena izan dadin?".

Datorren astetik lehengo lanpostura alkatea

Datorren astean bere lehengo lanpostura itzuliko dela esan du gaur Julian Eizmendi alkateak. "Ahalik eta modurik egokienean bateratuko dut alkate postuak eskatzen dituen zereginekin. Azpeitiar guztien alde, azpeitiar guztien onerako, lanean jarraituko dut".