Sexuen heziketa egitasmoarekin lotutako ekintzak antolatu dituzte

Uztarria.eus 2009ko eka. 15a, 11:06

Parekidetasun Sailak ikuskizun-hitzaldia, dantza tailerra, bertso saioa eta Porrotx eta Mari Mototxen ikuskizuna antolatu ditu aste honetarako

Ekintza guztiak doan izango dira, baina pailazoen saiora joateko gonbidapena behar da

Sexuen heziketa egitasmoaren barruan, ikastetxe eta herriko hainbat sektoreentzako ikastaro eta saioak amaitu ostean, ekintza osagarriak antolatu ditu Parekidetasun Sailak aste honetarako.

Asteazkenean hasiko dira ekintzekin: Virginia Imazen Genero y humor ikuskizun-hitzaldia emango dute, Sindikatu Zaharrean, 19:00etan. Toki berean baina ostegunean dantza afrikarren tailerra antolatu dute, 18: 30ean. Ostiralean, bertsolaritzaren txanda izango da; bertso saioa egingo dute bertsolari gazteek, Gaztetxean, gaueko hamarretatik aurrera. Estitxu Arozena izango da gai jartzailea.

Porrotx eta Mari Mototxekin zita

Ekainaren 22an Porrotx eta Mari Mototxekin bihurrikeriak, muxuak eta kilimak ikuskizuna ikusteko aukera izango da Betharrameko frontoian, 17:00etan. Sarrera doan izango da, baina joateko gonbidapena beharko dela adierazi dute antolatzaileek. Gonbidapenak Udaleko Parekidetasun Sailean banatuko dituzte, asteazkenean (ekainak 17), goizeko bederatzietatik aurrera. Pertsona bakoitzak ezingo ditu 4 gonbidapen baino gehiago hartu.