Azpeitian, Sanjuandegin eta Nuarben festak dira asteburuan

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 5a, 11:06
Sanjuandegiko bakarra eguna izan zen atzo (osteguna).

Sanjuandegin gaur (ostirala) hasiko dira festak txupinazoarekin

Nuarben trinitateen iragana eta oraina ezagutzeko aukera izango da bihar (larunbata)

Azpeitian festarako eskaintza zabala dago asteburuan, bai Sanjuandegiko Udaberriko jaietan eta bai Nuarbeko Trinitate festetan. Bi kasuetan, urtero antolatu eta emaitza onak izan dituzten ekitaldiei heldu egin diete. Hala ere, festak indartzeko eta parte-hartzea sustatzeko asmoarekin ekimen berriak gehitu dituzte.

Sanjuandegin aste guztian zehar auzoko tabernetan hainbat ekitaldi egin dute, eta festak bete-betean gaur hasiko dira txupinazoarekin. Igandera bitartean hamaika ekitaldi dago. "Indarra galtzen joan diren ekitaldiak antolatzeari utzi, jendeak gustuko dituenak mantendu eta berriak gehitzen saiatu gara", diote Sanjuandegiko Festa Batzordekoek. Esaterako, aurten aurrenekoz goiz eresia joko du Izarraitz Txistulari Taldeak Sanjuandegin. Horrez gainera, iaz bezalaxe bertso saioa antolatu eta festetan txosna jarriko dute: "Bertso saioak iaz arrakasta izan zuen eta aurten ere antolatu egin dugu. Txosna, Festa Batzordeak beste diru iturri bat izateko jarriko dugu", diote.

Bestalde, sokamuturra aurten ez dute Jose Antonio Agirre plazan egingo, segurtasunagatik. "Azken urteetan plaza horretan ibiltzen zen zezena, baina aurten Salbe auzoan ibiliko da, Vivero elkartearen aurreko zabalgunean". Horrek autoentzako hainbat aparkaleku kentzea ekarriko du eta, horregatik, Betharrametako jolas lekua-eta aparkaleku bezala erabiliko dituzte asteburuan.

Nuarben, iragana eta oraina

Nuarben, gaur egungo eta garai bateko festak ezagutzeko aukera izango da bihar 19:00etan elizan. Nuarbeko festen inguruko bideo bat emango dute eta argazki erakusketa bat jarriko dute. Nuarbeko Trinitate jaiak antolatzen ibili den Patxi Gurrutxagak dioenez, "herriko hainbatek lehengo argazkiak-eta genituen, baita gaur egungoak ere. Horiek denak bildu eta argazkien erakusketa jarriko dugu jaietan. Horrez gainera, Nuarben sokamuturra izaten zeneko bideoak ere bildu genituen, eta ordu erdi inguruko dokumental bat muntatu dute herritar batzuek".

Baina, ikus-entzunezkoaren aurretik Toka Txapelketa antolatu dute Nuarben. Onenen artean sariak ere banatuko dituzte.

Iluntzean, nuarbetarren afaria egingo dute Zimitorioan. Baina, aurreko urteetan ez bezala, aurten txahala erreko dute afaltzeko. "Herriko batzuk prest azaldu dira txahala erretzeko, eta ideia polita iruditu zaigu. Gainera, Nuarben arratsaldetan jendea norberaren etxean egoten da eta hartara kalean saltsa pixka bat sortuko da, eguerdian jarriko dute-eta txahala erretzen. Nahiko lan egiten ari dira txahala erreko dutenak, hari begira 8-9 orduan egon egin behar da gero".

Igande arratsaldean "buruz buruko esku pilotako finala emango dute telebistan eta horrek itzal pixka bat" egingo ote dien beldur dira nuarbetarrak. Hala ere, herri kiroletako ikuskizun erakargarria antolatzen saiatu dira: harri-jasotzen Izeta II.a eta Aimar Irigoien ariko dira eta aizkoran Errekalde eta Arria V. a.

Sanjuandegiko eta nuarbeko festetako egitarauak

Azpeitia. Sanjuandegi auzoko jaiak

Ekainak 5, gaur.

  • 20:00etan, txupinazoa. Gero, erraldoiak eta buruhandiak Juan Antxieta Musika Eskolakoekin.
  • 20:30ean, triki-bertso-poteoa.
  • 23:00etan, aretoko dantzak Jose Mari Orbegozo eta taldearekin.
  • 00:00etan, Kupela taldea.

Ekainak 6, bihar.

  • 09:30ean, goiz eresia Izarraitz Txistulari Taldearekin.
  • 10:00etan, judo erakustaldia igerilekuan. Kimura klubekoak.
  • 12:00etan, haurrentzako jolasak Jose Antonio Agirre plazan.
  • 12:30ean, triki-bertso-poteoa.
  • 14:30ean, auzotarren bazkaria.
  • 16:30ean, grafiti tailerra, eskaterrak, bikerrak, bertso-hopa eta mikro irekia.
  • 17:00etan, haurrentzako jolas parkea eta txokolate-jana, igerileku aurrean.
  • 18:30ean,Pello AƱorga ipuin kontalaria Txiki Txoko ludotekan.
  • 19:00etan, Arantzetan rock.
  • 19:30ean, erraldoiak eta buruhandiak Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleekin.
  • 22:30ean, bertso saioa. Bertsolariak: Aritz Etxeberria Ministro, Sebaxtian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Jexux Mari Irazu.
  • Gero, kontzertua: The Row (Herrialde Katalanak), The Zepo (Hernani) eta Kasik (Azpeitia).

Ekainak 7, etzi.

  • 06:00etan, txokolate-jana.
  • 07:00etan, sokamuturra.
  • 09:00etan, salda eta pintxoak.
  • 09:30ean, goiz eresia Izarraitz Txistulari Taldearekin.
  • 11:00etan, Musika Banda.
  • 11:30ean, erretiratuentzako hamaiketakoa.
  • 12:00etan, dantzari txikiak.
  • 16:30ean, poniak eta zezen txikiak.
  • 18:30ean, herri kirolak.
  • 20:00etan, kapoeira.
  • 21:00etan, azken traka.

Ekainak 14, igandea.

  • 11:00etan, Sanjuandegiko Bigarren Eskolarteko Krosa.

Azpeitia. Nuarbe auzoko jaiak

Ekainak 6, bihar.

  • 18:00etan, Toka txapelketa.
  • Ondoren, garai bateko festei buruzko argazkien eta bideoaren ikuskizuna, elizan.
  • 20:30ean, herri afaria, zimitarioan. Txahal errea prestatuko dute aurten.
  • Gero, goizaldera arte, Kupela taldearekin erromeria.
  • Goizaldean, baratxuri zopa.

Ekainak 7, etzi.

  • 13:00etan, Musika Bandaren kontzertua eta hamaiketakoa.
  • 19:00etan, herri kirol jaialdia. Harri-jasotzaileak Aimar Irigoien eta Izeta II.a. Aizkolariak: Errekalde eta Arria V.a. Ondoren, Lopetegi ahizpak trikitilariak.
  • Iluntzean, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.

Ekainak 8, astelehena.

  • Arratsaldean, ume jolasak eta txokolate-jana.
  • Iluntzean, Laja eta Narbaiza trikitilariekin erromeria.