Urolako trenbidearen Azpeitia–Zumaia tartea berriro irekitzeko informazio azterlana, jendaurrean

Uztarria.eus 2009ko eka. 4a, 20:06

Ekainaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu zuten ebazpena

Besteak beste, Azpeitiko udaletxean ikus ahal izango du jendeak proiektua

Urolako trenbidearen Azpeitia–Zumaia tartea berriro irekitzeko informazio azterlana jendaurrera ateratzea ebatzi du Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak.

Ekainaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu zuten ebazpena eta, ekainaren 2tik kontatzen hasita, hogeita hamar egun balioduneko epean edukiko dute jendaurrean ikusgai, "korporazio, elkarte eta partikularrek jarduketa horren interes orokorraz, trazaduraren ikusmoldeaz eta ingurumen-inpaktuaz alegazioak aurkeztu" ahal izateko, hala nahi izanez gero. Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako Donostiako egoitzan, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako udaletxeetan eta www.euskadi.net webgunean egongo da ikusgai proiektua.

Aipatu ebazpenaren argitalpena, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailburuak Urolako trena berriro martxan jartzeko dirurik ez dagoela esan eta egun gutxira dator.

EHAAn joan den ekainaren 1ean argitaratutako ebazpena osorik irakur daiteke hemen.