Sanjuandegiko festetako ekitaldiak astelehenean hasiko dira

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 29a, 16:05

Sanjuandegiko Festa Batzordeak festetarako antolatutako ekitaldietan parte hartzeko dei egin die auzotarrei

Astelehenean bakarrizketak izango dira, Osinazpi tabernan, 22:00etan hasita

Astelehenean hasiko dira Sanjuandegiko jaietako ekitaldiak eta ekainaren 7a bitartean izango da festa giroa auzoan. Hain zuzen, astelehenean bakarrizketak izango dira, Osinazpi tabernan, 22:00etatik aurrera.

Sanjuandegiko Festa Batzordearen esanetan, aurreko urteetako ekimen "onenei" eutsi eta festei "aire freskoa" emateko ekimen berriak gehitu dituzte programan, tartean grafiti tailerra. Aurten ere, auzo bazkaria, bertso saioa eta saloiko dantzen emanaldia izango dira Sanjuandegiko festetan.

Sanjuandegiko Festa Batzordeko kideen artean erreleboa eman dela diote, eta horri esker "katea ez etetea lortu da", diote. Sanjuandegiko "jaiak indartsu" daudela diote auzotarrek: "Urtez urte jende gehiagok parte hartzen du, eta egitarau zabala eta oparoa eskaintzen da".

Aurtengo jaietan, hainbat auzotarrek, merkatarik eta tabernak jaiak antolatzeko ekarpena egin dutela gogorarazi dute Sanjuandegiko Festa Batzordekoek.

Era berean, antolatutako ekitaldietan parte hartzeko dei egin diete auzotarrei.

Egitarau osoa hemen