Egin du batek

Enekoitz Esnaola 2009ko mai. 29a, 18:05
Eugenio Etxebeste 'Antxon', Arnaldo Otegi eta Doris Benegas, gaur, Loiolan. (Uztarria)

2007ko udal eta foru hauteskundeetako kanpainan, 2008ko Espainiakoetan eta 2009ko Eusko Legebiltzarrekoetan inork ez zuen egin, eta txokantea izan zen (uztarria.com-ek iazko martxoan aipatu zuen harritzekoa zela hori). Hau da, boz haietako kanpainan alderdi politikoen artetik inork ez zuen Loiolan ekitaldirik egin, 2006ko udazkenean Loiolan bertan izandako elkarrizketa politikoak maiz hizpide izan arren. Azokak, zabortegiak, liburutegiak, futbol zelaiak, itsas portuak, mendi tontorrak, pabilioiak eta abar baliatzen dituzte mezu elektoralak zabaltzeko, baina Loiola politikoa, ez.

Gaur arte.

Izan ere, gaur eguerdian egin du Loiolan indar politiko batek lehen aldiz hauteskunde ekitaldia: Iniziatiba Internazionalistak, Europako Legebiltzarreko bozetakoa. Doris Benegas hautagaitzako bigarrena aritu da. Baita, "gonbidatu" gisa, Arnaldo Otegi eta Eugenio Etxebeste Antxon ezker abertzaleko kideak ere (esandakoa, adibidez, gara.net-en). Prentsaurrekoa eman dute. Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia ere Loiolan izan da, jende artean.